Maite Barnetxeren funtsa, eskura

1971-1986 artean Barnetxek telebistarako egin erreportajeak bereganatu ditu EKEk. Uztaritzeko bere bulegoetan jarri ditu ikusgai

EKEko Etxegoin eta INAko Bettembourg, funtsaren aurkezpenean, atzo, Barnetxeren irudia atzean dela. I.MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Uztaritze
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Euskarazko lehen telebista emankizunetako bat izan zen Maite Barnetxe (1941-1986) kazetariaren Euskal Herria orai eta gero —1971tik 1986ra egin zuen—. Orain arte artxibo eskuragaitzak zirenak Uztaritzera (Lapurdi) ekarri dituzte. Euskal Kultur Erakundearen (EKE) bulegoetan horretarako espresuki egokitu espazioa jarri dute. Atzo estreinatu zuten: orotara, 315 emankizun dira, Maite Barnetxek Frantziako telebista publikorako eginak.

Horrekin batera aspaldiko eskaera bat dela betetzen azaldu zuen atzo Xantal Barnetxek, Maite Barnetxeren alabak. Gogoratu zuen duela hamabi urte jadanik aukera hori aipatu zutela, eta oztopo andana bat gainditu behar izan zirela: «Orain arte urrundua zen, nahiz eta Euskal Herrian egina izan. Ez zen hainbeste gurea. Orain egina da. Funts hori gurea da. Erabiltzen ahal dugu. Euskaldunek dute ondare honen mamiaren iturria osatzen. Normala da euskaldunen eskuetan izatea».

Maite Barnetxe bera helburu horrekin ere aritu zela esplikatu zuen alabak: «Bazekien biziki ontsa eraikitzen zuela lekukotasun paregabeko bat. Nahi zuena zen Euskal Herria euskaldunei lehenbizi ezagutarazi, eta euskaldunek ezagut zezatela beren artean zein aberatsak ziren».

Izan dadin kooperatiben sorrera, laborantza munduko aldaketak, ikastolen sorrera, izan dadin Etxahun Iruri, Imanol artistaren elkarrizketak edo Mattin Treku bertsolariaren bertsoak, gai andana bat jorratzen dute erreportajeek. Urteak iragan dira orduz geroztik; hain zuzen, atzo azpimarratu zuten bere lanaren alde historikoa, soziologikoa, etnologikoa baita kulturala ere handituz joan dela urteekin. Helene Bettenbourge INAko Pirinioetako ordezkariak hala esan zuen: «Herritarretatik ahal bezain hurbil izateko gisan lan egiten zuen. Ezagunak zirenak elkarrizketatzen zituen, baina baita ezezagunak ere. Elkarrizketatuei bihotza zabalarazteko gaitasuna bazuen. Horrek egiten ditu dokumentu horiek liluragarri». INA Frantziako ikus-entzunezkoen institutua da, eta Barnetxeren emankizunak bere jabetzapean dira. EKEk INArekin izenpetu hitzarmenak egin du EKEra ekarri ahal izatea.

Datu basea Uztaritzera ekartzearekin batera, emankizun bakoitzari fitxa bat gehitu diote, bilaketa lana errazteko gisan. Fitxek INAren metodologiari segitzen diote; hau da, frantsesez egin dira, baina euskaraz ere laburpenak egin dituzte.

Emankizun bakoitzean zein gai lantzen den jakinarazteaz gain, nor agertzen den zehazten dute fitxek, besteak beste. Lan horretan aritu dira Kattalin Totorika eta Maider Bedaxagar azken hilabete hauetan. Oren luzeetako lana izan dute, preseski, lekuak eta jendeak identifikatzen. «Oraino osa daitekeen lana», azpimarratu zutenez. Zehaztu zuten norbait edo leku bat ezagutuz gero fitxak osatuz joan daitezkeela. Adibide bat emateko, Daniel Landart idazlea bildu zen aurkezpenera, eta, irudiak begiratzean, Piarres Larzabal idazlea ezagutu zuen Larhun mendiaz egin erreportajea batean.

Harremanetan jarri dira Euskadiko Filmategia, Zineuskadi eta Tabakalera egiturekin ere. Ez dute iragarri elkarlan zehatzik, baina, «hizkuntzak mugak gainditzen lagun dezakeela» argudiatuz, Bettembourg horrela mintzatu zen: «Amesten dut egun batez mugaz gaindiko proiektu bat gauzatzea, Ipar eta Hego Euskal Herriko funtsak elkarri so jarriz».

Erreportajeen fitxak Maite.barnetche.mintzoak.eus webgunean aurki daitezke. Erreportaje horiez interesatua den oro webgune horretara sartzera gonbidatzen dute EKEko ordezkariek. Bertara sartu, zerk interesatzen duen zerrendatu, eta, ondotik, EKEra deitu beharko du interesatuak hitzordu bat hartzeko: (0033) 559-93 25 25. Behin hitzordua hartuta, Uztaritzera joan beharko da interesatua. Erreportaje bat baino gehiago begiratzen ahalko ditu. Irudiak EKEn geldituko dira, ez bada proiektu zehatz batentzat, adostuko dena. «Badira eskubide gorabeherak. Hori da zailena. Ez da zernahi egiten ahal», nabarmendu du EKEko zuzendari Pantxoa Etxegoinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.