Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da larunbatean, eta Euskal Telebistak dokumental berezi bat prestatu du gaur gauerako (22:30): Maillot horia, Bilbotik Baionara. Euskal Herrian jokatuko diren hiru etapetako lekurik esanguratsuenak aztertuko dituzte. Horrekin batera, Frantziako Tourreko istorio zahar eta berriak kontatuko dituzte, eta lasterketan parte hartu duten hainbat euskal txirrindulari elkarrizketatuko dituzte.
Dokumentala Proiekzio Taldeak ekoitzi du. Gerardo F. Llanak zuzendu du, eta Ander Izagirre kazetari eta idazleak gidatuko du kontakizuna. «Istorio zaharrak kontatu ditut. Euskal txirrindulariek Tourrean izan dituzten garaipenak eta abenturak, besteak beste», iragarri du Izagirrek. Off-eko ahotsa ere berak jarriko du.
Larunbatean, igandean eta astelehenean jokatuko diren etapen ibilbideari jarraituz ibiliko dira. Eta, horrez gain, artxiboko irudi zaharrak tartekatuko dituzte. «Horietako batzuk egun ikustea ez da erraza izaten», dio Izagirrek.
«Oroimenean ditugun txirrindulari handiak agertuko dira saioan». Besteak beste, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Miguel Mari Lasa, Fede Etxabe, Iban Mayo eta Joane Somarriba txirrindulari ohiek parte hartuko dute.
Istorio zahar «epikoak» gogoratuko dituztela azaldu du Izagirrek; esate baterako, 1910ean Vicente Blancok Tourrean parte hartzeko egin zuen bidea gogoratuko dute: Bilbotik Parisera.
Taldeen aurkezpena, gaur
Izagirreren iritziz, Frantziako Tourra Euskal Herritik irteteak balio beharko luke hainbat gai mahai gainean jartzeko: oinarrizko kirolean lasterketak antolatzeko dauden arazoak eta bizikletak gizartean izan beharko lukeen rola, besteak beste.
Tourra mundu osoan ikusiko da telebistaz, bestalde. Eta agertzen diren irudiak asko zaintzen direla aipatu du Izagirrek: «Asko zaintzen da ekoizpena. Ez bakarrik kirol emankizuna eskaintzeko, baizik eta tokian tokiko parajeak erakusteko. Duela 40 urte, txirrindulariak agertzen ziren soilik. Orain, promozio eta turismorako tresna indartsua da».
Gaur, Bilbon egingo da txirrindulari taldeen aurkezpena, eta hori ere mundu osoan ikusiko da telebistaz. Euskal Telebistak ekoitziko du ekitaldi hori, Guggenheim museoan. Xabier Usabiaga Gaur egun-eko aurkezle eta txirrindularitza adituak jardungo du aurkezle. Ekitaldiaren nondik norakoak biltzeko, On Tour saio berezia egingo dute Fermin Aramendik, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok ETB1en, 18:00etatik 20:00etara, Deustuko Unibertsitatearen kanpoaldean kokatuko den EITBren platotik. Taldeen aurkezpena emateko eta saio bereziak egiteko, ETBk bost unitate mugikor erabiliko ditu gaur.
EITBk, berriz, akordio bat hitzartu du datozen hiru urteetan ere Frantziako Tourreko etapak ematen jarraitzeko.
'Maillot horia. Bilbotik Baionara' dokumentala emango du gaur ETBk
Ander Izagirrek egingo ditu gidari lanak. Tourrean parte hartu duten txirrindulariak azalduko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu