Jakina zen Manu Etxezortuk ez duela jarraituko Euskadi Irratiko Faktoria magazina aurkezten, uztailaren 8an omenaldi txiki bat egin baitzioten irratsaioan bertan. Argi ez zegoena zen haren tokia nork beteko zuen. Eta argitu da: Maider Segurola kazetariak gidatuko du denboraldi honetan Euskadi Irratiko goizeko magazina. Bihar abiaraziko du denboraldi berria Euskadi Irratiak, programazioaren bizkarrezurrari eutsita.
Euskarazko irrati publikoak 40 urte beteko ditu azaroaren 23an. Urteurrena aitzakiatzat hartuta, irratsaio berri bat egingo du Etxezortuk: Beste 40 urtean. Era guztietako protagonistekin hitz egingo du, hamarkada hauetako gertakizunak errepasatuko ditu, eta euskal gizarteak urteotan izan duen eraldaketa aztertuko du.
Euskadi Irratian, edonola ere, Faktoria albistegia da pisu handiko emankizuna, eta Iñaki Guridik gidatuko du, aurreko bi denboraldietan bezala.
Asteburuetako goizetan, bestalde, izango da ahots aldaketarik: Amarauna irratsaioa Gorka Otaegik gidatuko du hemendik aurrera.
Euskadi Irratiak ez du aldaketa handirik egingo programazioan. EITBk nabarmendu du «kalitatezko informazioa» eta «entretenimendua» uztartuko dituela denboraldi berriko programazioak.
'Ganbara', 19:00etan
Radio Euskadiko programazioan, berriz, ordutegi aldaketa esanguratsua izango du Ganbara saioak: hemendik aurrera, 19:00etan emango dute. Arantxa Garciak gidatuko du saioaren lehen zatia: eguneko albisteen kontakizuna, analisia eta elkarrizketak. 21:00etan, Miriam Duquek hartuko dio lekukoa. Bigarren parte horretan, eguneko lerroburuetan agertzen ez diren gaietan sakonduko dute, Ganbara de cerca tartean.
Astegunetako gaueko kirol saioa 22:00etatik 23:00etara emango du Radio Euskadik. Izen berria hartuko du tarte horrek: Kirol gaua. Igandeetan, berriz, kirol programa berri bat egingo dute: El regate. Emakumeen kirolari tarte handiagoa eskaintzea izango da irratiaren helburua.
Radio Vitorian, bestalde, aldaketak egingo dituzte hiru irratsaio nagusietan: Radio Vitoria Gaur goizeko albistegi eta magazina indartuko dute, eta, horretarako, Aratz Goikoetxea arituko da gidari, 08:00etatik 12:00etara, Ismael Diaz de Mendibilekin batera. Diálogos saioa Maritxu Diezek aurkeztuko du, eguerdiko albistegia hasi aurretik. Bestalde, Pilar Ruiz de Larreak Déjate llevar saioa aurkeztuko du asteburuetan.
Gaztea irratian, asteburuetako eskaintza indartuko dute: Malen Altunak eta Aitziber Gradosek Benetan sabis? saio berria aurkeztuko dute igandeetan. Joseba Sacristanek eta Maider Gorostegik, berriz, Klasikoak gidatuko dute. Astegunetan, Ainhoa Arroitajauregi ariko da 11:00etan, Ainhoa Vitoriarekin batera.
Maider Segurolak aurkeztuko du Euskadi Irratiko 'Faktoria' magazina
Iñaki Gurudik jarraituko du 'Faktoria' albistegiko gidari. Gorka Otaegik gidatuko du 'Amarauna'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu