Maider Galardik «euskarazko kazetaritza feminista» aldarrikatu du

'Berria FM' podcastari Kazetaritza Digitala saria eman dio Kazetarien Euskal Elkargoak

Maider Galardi F. Agirre kazetaria Iruri Knorren eskutik saria jasotzen, atzo, Bilbon. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Hau ez litzateke posible izango BERRIAk azken urteetan egin duen norabidetza feministarik gabe, eta bide horretan aitzindariak eta erreferenteak izan direnak gogoan eduki nahi ditut». Hala esan zuen saria jaso berritan Maider Galardi F. Agirrek, atzo, Bilbon, Euskal Kazetaritza Sariak banatzeko ekitaldian. «Kazetaritza feminista egitea, kalitatezko kazetaritza egitea da». Berria FM podcastean egindako lanari esker, Kazetaritza Digitala eta Narratiba Berriak kategorian saritu dute Galardi Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak.

Berria FM euskarazko egunkariak hilean behin sareratzen duen podcast feminista da. Galardik egunkariko lantaldeari eskerrak eman zizkion Bilboko ekitaldian: «Duela hiru urte abiatu genuen bide hau, podcastak gurera iritsi berri zirenean, eta apustua egin genuen formatu berriaren alde, gure baliabide guztiez gain, gogo eta indar asko jarrita». Proiektuan bidelagun dituenak aipatu zituen kazetari eta esatariak: «Editore lana egin duen lantaldea, Lara Madinabeitia Berria Telebistako kidea, Bea Egizabal eta Intza Alkain umoregileak, eta Araiz Mesanza ilustratzailea».

Bazterreko ahotsei ere eskerrak eman zizkien Galardik. Eta gogoan izan zuen Pablo Gonzalez kazetaria. Hain zuzen ere, Gonzalezen hitzak haren emazte Oihana Goirienaren hitzetan entzun ziren atzoko ekitaldian, Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gonzalezi eman baitiote. «Asko eskertzen dut sari hau, baina egiazki ez nuke saria jaso nahiko, ez bainago aurreko sarituen mailan». Gonzalezek Poloniako espetxean idatzitako hitzak irakurri zituen Goirienak. «Bizi garen krisiaren erdian, prentsa eta adierazpen askatasuna defendatzen jarraitzen dut. Eskerrik asko denoi». Otsailaren 28tik dago kazetaria preso Polonian, eta Goirienak gogoratu zuen zortzi hilabete daramatzala inkomunikaturik. «Kazetarien lana funtsezkoa da gure gizartean, baina haien lana ezin da egon beti susmopean», esan zuen Goirienak.

Martin Ugalde zena gogoan

Martin Ugalde zenari, berriz, Ohorezko Saria eman zioten. Unai Ugalde semeak gogorarazi zuen bere aitaren «proiektu kutuna» Euskaldunon Egunkaria izan zela. «Martinek gaur saria jasoko balu helduko lioke gaur egungo egoerari, eta lankideak gogoraraziko lituzke. Euskarazko kazetaritzak pauso berriak eman behar ditu, euskarazko kazetaritzak bere izaera propioa baitu».

Euskal Kazetariak saria Luis Rodriguez Aizpeoleak jaso zuen, eta eskatu zuen Pablo Gonzalez «ahalik eta bizkorren» etxera itzultzeko.

Juantxu Rodriguez Fotokazetaritza saria Maite Bartolomerentzat izan zen. Ibilbide Osoaren saria Florencio Torre Lledori eman zioten. Ingurumen kazetaritzako saria Ramon Bustamantek jaso zuen. Eta EITB ere saritu zuen elkargoak, 40 urteotako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.