Pantailak Euskaraz mugimenduak Pantailaldia antolatu du bigarren aldiz, duela bi urteko harrera beroaren ostean. Euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko aktibazio ariketaren bigarren aldia maiatzaren 6tik 15era egingo dute. Hain justu, Euskaraldia hasi aurretik.
Euskarazko hedabide digital askoren babesa izango du Pantailaldiak, eta jadanik irekita dago herritarrek izena emateko epea. Pantailak Euskaraz-ek antolaturik, bigarrenPantailaldia herritar guztientzat egongo da zabalik. Euskaraldiaren harira eta haren sinergiak aprobetxatuz antolatu dute egitasmoa, eta horrek bi helburu izango ditu: «Batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta, bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea». Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! izango da aurtengo leloa.
Mota guztietako pantailetan eta formatuetan —telebistan, streaming plataformetan, zineman, sare sozialetan, bideojokoetan...— euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka da Pantailak Euskaraz-ek herritarrei proposatu diena: «Alegia, hamar egunez pantailetan ere euskaraz bizitzeko erronka. Edozein herritarrek izango du Pantailaldian parte hartzeko aukera. Herritarrei erronka betetzea eskatuko zaie, eta sare sozialetan haien bizipenen berri zabaltzea».
#Pantailaldia traola erabiliz, bostehun herritarrek eman zuten izena egitasmoaren lehen aldian, 2022an, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k ordura arte ezagutu gabeko euskarazko baliabideak ezagutu zituztela, eta %64ri bide eman ziela edukiak sortu eta kontsumitzeko orduan zituzten hizkuntza ohiturak aldatzeko. Aurten, parte hartzaile kopuru hori gainditzea izango dute erronka.

Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia web orrira jo behar da, eta epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik. Galdetegiko datuak bete eta bidali besterik ez da egin beharko. Pantailaldia hasi aurretik, Interneteko sare sozialetan jartzeko irudia, euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda eta agenda proposamen bat bidaliko dizkiete parte hartzaileei, erronka betetzea errazagoa izan dadin.
'Kneecap', euskarazko azpidatziekin
Agenda proposamen horretan hainbat deialdi egingo ditu Pantailak Euskaraz-ek. Pantailaldia hasteko, maiatzaren 6an Irlandako Kneecap filma proiektatuko dute Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etan hasita, gaelikoz eta euskarazko azpidatziekin; azpitituluak.eus herri ekinaldiaren laguntzari esker egin dituzte azpititulu horiek. Beste herri eta hiri batzuetan ere emango dute filma, euskarazko azpitituluekin; Filmin plataformak jada txertatu ditu euskarazko azpidatziak.
Beste egunetarako, sareetan euskarazko edukiak kontsumitzeko hainbat gomendio emango ditu Pantailak Euskaraz-ek: esate baterako, maiatzaren 14an Urak eginen du bide dokumentala emitituko dute bi telebista katetan: 20:00etan Kanalduden, eta 22:00etan Hamaika telebistan. Dokumental horretan, euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera aztertzen da; Primeran plataformara iritsi da berriki.

Agendako ekintzen barruan, protestarako tartea ere egongo da: maiatzaren 10ean, herri edo hirietako zinemetara joatea eta, euskarazko eskaintzarik ez badago, euskararentelefonoa.eus web orriaren bitartez dagokion salaketa jartzea izango da erronka.
Maiatzaren 11n, berriz, BERRIAren edo BERRIA Ikasgelaren bideo bat ikusteko proposamena egingo dute agenda horretan.
Pantailaldiak iraun bitartean, euskal kulturgintzako erreferentziazko hainbat lagunek ere emango dute euskararekin eta pantailekin dituzten bizipenen berri sare sozialetan, «euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko helburuarekin». Izan ere, ekitaldiaren sustatzaileek uste dute gaur egungo mundu digitalean pantailak direla hizkuntza eta kultura transmititzeko bitarteko nagusia.
Euskalgintzako eragile nagusien oniritziarekin egingo dute Pantailaldia, eta ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat eragile izango ditu babesle: BERRIA Taldea, Hamaika telebista, Kanaldude, Argia, Tinko euskara elkartea, Zinea.eus, Game Erauntsia bideojokoen zaleen elkartea, Euskal Encodings eta Zernonikusi.eus. Azken hori tresna oso baliagarria da euskaldunentzat, plataformetan eta beste gune batzuetan euskarazko edukiak aurkitu ahal izateko. Berriki aplikazioa sortu dute Android eta iOS sistemak darabiltzaten sakelakoentzat eta telebista konektatuentzat.