Lurrari denbora eskaini nahi dion egitasmo bat abiarazi du Argia aldizkariak. Lehen sektorea aztertu eta askotariko egitasmoak plazaratuko dituen bideopodcast bat. Eli Pagolak eta Mattin Jauregik aurkeztuko dute Egonarria Internet bidezko saioa, gaurtik hasita. Hamahiru atal egingo dituzte, eta asteazkenero zabalduko ditu Argia-k webean eta sare sozialetan.
Pagolak azaldu duenez, bi bloke nagusi izango ditu atal bakoitzak: «Aurrenekoan elkarrizketa luzeago bat egingo dugu lehen sektoreko norbaitekin. Gai zehatz bat aztertuko dugu, eta sektorearen egoeraz ere mintzatuko gara». Bigarren blokean, berriz, proiektu edo egitasmo zehatzei egingo diete lekua, eta gonbidatuek «bizipen pertsonalagoak» kontatuko dituzte.
Argia aldizkariak adierazi du «gizarte erronka» moduan ikusten duela lehen sektorearen «biziraupen duina». Euskarazko hedabideak nabarmendu du bi aurkezleek lotura dutela lurrarekin, eta ez dela kasualitatea Egonarria bideopodcasta haiek gidatzea.
Jauregik kontatu duenez, Argia-n iritzi artikuluak idazten hasiberria zela, lehen sektoreaz dagoen ezezagutzaz mintzatu zen Estitxu Eizagirre kazetariarekin. Modu horretan sortu zen bidepodcasta egiteko ideia. Ondotik, Pagolari eskaini zioten aurkezle lanak egitea.
Pagolak energia berriztagarriei buruz ikasi du, eta gaiarekin lotutako irratsaio bat aurkezten du Naiz irratian. Jauregi, berriz, erlezaina eta Balerdipe Erleak proiektuko kidea da.
Energia eta erleak
Hain zuzen ere, Egonarria-ren gaurko estreinaldian bi aurkezleek beren burua aurkeztuko dute. Bien gertuko gaiak landuko dituzte lehen atalean: energiaz mintzatuko dira, Txetxu Ezkerrarekin. Eta, bestalde, Balerdipe taldekoen esperientziaz arituko dira, hau da, erlezaintzaz.
Bideopodcastaren grabaketak Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egingo dituzte, Argia-ren egoitzan. Pagolak zera adierazi du: «Argia-ko lantaldea arituko da grabaketak eta edizioa egiten, arlo tekniko guztiaz arduratuko dira. Horrenbestez, ez dugu horretaz gu kezkatu beharko».
Jauregik, dena den, nabarmendu du ikus-entzunezko produktu bat dela Egonarria: «Esaten dena entzutea izango da garrantzitsuena, baina aukera egongo da bideoen bitartez egitasmo desberdinak ezagutzeko». Esate baterako, gaurko estreinaldiko atalean erlezaintzako irudiak tartekatuko dituzte Balerdipe egitasmoko kideen esperientziaz mintzatzen direnean.
Argia-k erakutsi nahi du, «lanak lan», posible dela lehen sektoretik bizitzea.
Lurrari entzuteko saiakera bat
'Argia'-k 'Egonarria' bideopodcasta estreinatuko du gaur. 13 atal egingo dituzte lehen sektoreaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu