Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak atzo iragarri zuenez, Ministro Kontseiluak Lurreko Telebista Digitaleko (LTD) sei kate berri lehiaketara ateratzea onartu du. Horietatik hiru goi bereizmenekoak izango dira, eta beste hirurak, kalitate estandarrekoak. Hautagaiek maiatzaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proiektuak, eta operadore bakoitzak bi lizentzia lortu ahalko ditu —bata, goi bereizmenekoa, eta bestea, kalitate estandarrekoa—. Ondoren, sei hilabeteko epean adjudikatuko dituzte kateak.
Uteca Espainiako kate pribatuen elkarteak PPren gobernuari leporatu dio ez dituela konpromisoak bete. Elkartearen arabera, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia batek aurten beste zortzi kate ixtea ekar dezake. «Urte batean, ikusleek hamazazpi doako kate gal ditzakete guztira», salatu du elkarteak; iazko maiatzean, LTDko bederatzi katek emititzeari utzi behar izan zioten. «Gobernuak ordainezko telebistaren aukera sustatu nahi du». Kate pribatuen ustez, Espainiako Gobernuak baliabide nahikoak ditu «behin eta betiko» amaitzeko ikus-entzunezko sektorearen segurtasunik eza. Lizentzia berriak baino gehiago, daudenei eustearen bermea da lehentasuna kate pribatuentzat.
LTDko sei kate adjudikatuko ditu Madrilek urtea amaitu aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu