Komunikazioa

Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetako kirolarien jarraipena egiteko saioa

Datorren asteazkenetik, urtebetez 25 minutuko saio bat emango dute hilero ETB Sat katean, jokoak hasi bitarte

Iñigo Asensio kazetariak aurkeztuko du Bat to London 2012 saioa. Dagoeneko Erresuma Batuko hiriburuan izan da taldea. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hurrengo Olinpiar Jokoak 2012ko uztailaren 27an hasiko dira, Londresen. Hala, datorren asteazkenean justu urtebete faltako da horretarako, eta egun horretan bertan Bat to London 2012 saioa hasiko da ETB Sat katean. Urtebetez jarraipena egingo diete jokoetan parte hartuko duten edo sailkatzeko aukera duten Euskal Herriko hainbat kirolariri. Hilabetero, 25 minutuko saio bat emango dute, jokoak hasi arte.

Iñigo Asensio kazetariak aurkeztuko du saioa, eta, denera, 12 atal grabatuko ditu. Goi mailako kirola nazioartean sustatzeko helburua duen Basque Team erakundeak eta Kontrol Z ekoiztetxearen artean egingo dute lana. Basque Team Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpekoa denez, ez diete jarraipenik egingo Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak ez diren beste euskal athletei.

Prestaketa eta lesioak

Jokoetarako sailkatzeko kirolariek jokatuko dituzten nazioarteko probetan izango dira saioko kamerak. Haien entrenamendu saioetan ere ibiliko dira, eta lesioren bat daukatenen sendatzeko prozesuari arreta jarriko diote.

Elkarrizketak ere eskainiko dituzte, eta ez soilik olinpiar zein paralinpiar kirolariekin egindakoak, baita haien senide eta prestatzaileekin zein iraganean jokoetan ibilitako beteranoekin egindakoak ere. Londresen egiten ari diren eraikuntzak eta jokoak prestatzeko beste lanak azalduko dituzte Erresuma Batuko hiriburutikbertatik.

Lehenengo saioan, Pablo Carrera bilbotar tiratzailea ezagutzeko aukera egongo da. Carrera maiatzaren 17an sailkatu zen Londresko jokoetarako. Carreraren elkarrizketaz gain, Maider Unda gasteiztarrarengana joko dute, belaunean duen lesio larria zertan den jakiteko. Unda Londreserako prest badago, bigarren olinpiar jokoak izango ditu. Pekinen, 2008an, bosgarrena izan zen 72 kiloz azpiko kategorian. Brontzezko dominak lortu zituen 2009ko Munduko Txapelketan eta iazko Europako Txapelketan.

Kirolari gazteei eta ikusleei, olinpiar jokoetan parte hartzea zer den azalduko die Luis Mari Lasurtegi Pasai Donibaneko arraunlari ohiak (Gipuzkoa). Zilarrezko domina lortu zuen Los Angelesko 1984ko jokoetan. Moskuko 1980koetan eta Seulgo 1988ko jokoetan ere lehiatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.