Lolo Rico, saio bat baino gehiago

'Los poderes de Lolo' dokumentala estreinatu berri dute Donostiako Zinemaldian eta RTVEn. Lolo Ricoren bizitzaren parte bat jasotzen du, baina ez guztia.

'Los poderes de Lolo' dokumentala. BALEUKO
'Los poderes de Lolo' dokumentala. BALEUKO
urtzi urkizu
2024ko urriaren 7a
11:00
Entzun

Maria Dolores Lolo Rico idazlea, kazetaria, gidoilaria eta ikerlaria izan zen, militante politikoa ere bai. Madrilen jaio zen, 1935ean; eta Donostian zendu zen, 2019ko urtarrilaren 20an. Polloeko hilerrian dago haren hilobia. Berezia da hilobia, kristalezko bola bat jarria baitu —haren seme batek egina—. Eta han paratu zuen herritarren batek Averia sorginaren marrazki bat ere. Los poderes de Lolo dokumentalean, hilobi horren aurrean hizketan ageri dira Isabel Alba Rico alaba eta Nagua Alba biloba. Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean aurkeztu zuten dokumentala Nino Fortan, Itziar Bernaola eta Miguel Alba Rico zuzendariek —hirugarrena Ricoren seme gazteena da—. Atzo, berriz, La2 kateko Imprescindibles saioan eman zuten dokumentalaren bertsio laburtu bat, eta gaur Movistar Plusen ematekoak dira. Ricoren bizitzaren eta ibilbide profesionalaren ingurukoak kontatzen ditu Los poderes de Lolo-k. Baleuko ekoiztetxeak produzitu du.

Zaila da Lolo Ricok egin zuen guztia 82 minutuan laburbiltzea. Hortaz, TVEko gidoilari izan zenaren bizitzaren parte bat ikusten da dokumentalean. Zazpi seme-alaba izan zituen Ricok, eta horietako batzuk hizketan ageri dira filmean. Halaber, TVEko La bola de cristal saio arrakastatsuan harekin lan egin zutenetako batzuk azaltzen dira: Pablo Carbonell, Javier Gurrutxaga, Kiko Veneno, Loquillo, Anabel Alonso... Miguel Fernandez Pacheco ere agertzen da, electroduende panpinak saiorako egin zituen sortzaile grafikoa. Kontuan hartzekoa da Ricoren seme-alaba batzuek ere lan egin zutela programa horretan gidoilari.

Santiago Alba Rico 'Los poderes de Lolo' dokumentalean
Santiago Alba Rico, Lolo Ricoren semea, 'Los poderes de Lolo' dokumentalean. BALEUKO

Hain justu, atzo bete ziren 40 urte TVE La bola de cristal saioa ematen hasi zenetik. Nahiz eta soilik lau urte iraun zuen, eta nahiz eta haurrentzako programa gisa sortu zuten, hainbat belaunaldirentzat erreferentziazko saioa izan da. Dokumentalean saio haren inguruko hainbat pasadizo kontatzen dira; tartean ziren Movida madrileña deiturikoan parte hartu zuten gazteek egiten zuten ekarpena. Saioko aurkezlea Olvido Gara Alaska zen. Eta boladan ziren musikari gazteek kontzertu laburrak egiten zituzten.

TVEren 'La bola de cristal' saioa
TVEren 'La bola de cristal' saioa (1984-1988). TVE

Ekintzaile politikoa

Dokumentalean kontatzen da Ricok lan egin zuela TVEko beste saio batzuetan; Un globo, dos globos, tres globos saioan gidoilari aritu zen, eta La cometa blanca sortu eta zuzendu zuen 1981. urtean. Aurretik, Radio Nacional irratian Dola, dola, tira la bola irratsaioa gidatu zuenHaur literaturako liburu ugari idatzi zituen Ricok. RTVEko zuzendaritzak baztertu egin zuen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta horren ostean, hainbat saiakera idatzi zituen.

Ricoren bizitza pertsonalean ere murgiltzen da dokumentala. Aipatzen da gaztetan Opus Deikoa izan zela, eta 40 urterekin banandu egin zela, eta zazpi seme-alabaren kargu gelditu. Jauzi baten gisan irudikatzen da Opus Deitik Espainiako Alderdi Komunistara pasatu izana, baina Ricoren kezkak urte askoan joan ziren sakonduz eta garatuz.

Lolo Rico
Lolo Rico idazle eta gidoilaria, 2012. urteko argazki batean. GARI GARAIALDE

Dokumentalean apenas aipatzen den Ricok auzi ugaritan izan zuen inplikazio politiko eta pertsonala. Izan ere, Rico, bidegabeak sentitzen zituen auzien aurrean, ez zen inoiz epel gelditu. Palestinaren auzian inplikatu zen, esate baterako. Donostian bizi izan zen urte luzez. Eta Euskal Herriko egoera politikoarekiko kezka agertu zuen: 2005ean, Aukera Guztiak Europako hauteskundeetarako zerrenda babestu zuen, eta legez kanporatutako aukeren parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Aurretik, 1997an, aditu gisa parte hartu zuen Herri Batasuneko mahai nazionalaren kontrako epaiketan. Euskal Herriko gatazkari elkarrizketaren bidezko irtenbidea ematearen alde agertu zen orduan. Lasa eta Zabalaren hilketen epaiketan, haien senideak jaso zituen Madrilgo etxean. Oso maitatua zen Rico Donostian eta Madrilen, eta Espainiako telebistaren historian harribitxi bat baino gehiago utzi zuen.

'La bola de cristal' La2 katean

Saioaren 40. urteurrena dela baliatuz, La2 kateak La bola de cristal saioaren hamabi atal emango ditu bihartik aurrera. Lehen atala eta azkenekoa emango dituzte gaur gauerdian, eta datozen astearteetan emango dituzte beste hamar atal. Urteurren hori ospatzeko, bestalde, Lupe Lagunak pieza grafiko bat sortu du, programaren unibertsoa berritzeko asmoz. Atal horiek emateaz gain, Almudena Ruiz-Ruano gidoilariak kultura eta telebista arloko hainbat pertsona ezagunen lekukotzak bildu ditu. Aipatutako atalak RTVE Play doako plataforman ere ikusi ahalko dira.

'Los poderes de Lolo' dokumentalaren bertsio laburra RTVEn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.