ATZEKOZ AURRERA. Andoni Mutiloa. Sortzailea

«Ligatzeko aplikazioez ez dugu hausnartu»

Blokeatutako sormenez, kitatutako zorrez eta askatutako korapiloez ari da Mutiloa. 'Sex sua' musikala ondu du, ligatzeko aplikazioek sortu dituzten komunikazio kode berriez itaunak egiteko: osasuntsuak dira?

JON URBE / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ernatu egin zen Esnatu naiz kabaretarekin, eta erabat piztu da Sex sua musikalarekin. Pellok, Elurrek, Hirukik eta Imanolek gorpuzten dute Andoni Mutiloa Irazusta (Hernani, Gipuzkoa, 1976), oraindik ere bere burua artista gisa aurkeztera ausartzen ez den artista. Iruran (Gipuzkoa) du hurrengo emanaldia, ostiralean (19:00).

Kitatu duzu zenuen zorra?

Sormenarekin neukana? Bai.

Elkarrizketako medailan, orduan, artista jarriko dugu?

Oraindik arraroa egiten zait. Hasi beharko nuke sinisten hala naizela. Baina sortzaile jarrita erosoago nago. Horretan ari naiz: sortzen.

Zuk esana: «Jendeak blokeatuta dauka sormenerako gaitasuna».

Bai, hala da. Nire lehen ikuskizuna prestatzen ari nintzela gertatu zitzaidan, elkar ezagutzen ez zuten bi lagunek gomendatu zidatela liburu berbera: The Artist's Way, Julia Cameronena. Sortzeko daukagun gaitasunari buruz ari da bertan. Irakurtzen hasi nintzenean, konturatu nintzen nire kasuan hala zela: sormenari ez niola eskaini behar adina garrantzi, blokeatuta neukala, beldurra neukala, edo ausardia falta.

Eta desblokeatu duzu sormena, lan finko bati ezetz esateraino?

Nik lotura hori ez nuke egingo. Arriskutsua iruditzen zait. Kontatuko dizut: Euskadi Irratiko eszedentzia aurten amaitzen zitzaidan, eta ni konbentzituta nengoen bueltatu egingo nintzela, irratia gustatu egiten baitzait, gainera. Iritsi zen udaberria, izan nuen lehen harremana irratiko arduradunekin...

Eta zalantzak?

Halako eztanda bat izan nuen barnean: «Andoni, ziur zaude itzuli nahi duzula irratira?». Sex sua ikuskizuna prestatzen ari nintzen, eta irratitik presioa sartzen hasi zitzaizkidan. Ikuskizuna estreinatzea erabaki nuen, eta ondoren hartzea erabakia. Konturatu nintzen ez zela benetan nahi nuena, eta zintzoa izan behar nuela neure buruarekin. Ez dut erabakia hartu nire lana ordezkatu nahi izan dudalako. Harago doa: etorkizuna eta bizitza planteatzeko moduarekin dago lotuta. Azken bost urteotan askatasun handia izan dut, eta ohitu naiz bizitza nahi dudan modura antolatzen. Eta bat-batean egitura zurrun horretara bueltatzea ez nuen argi ikusten. Banekielako nire bizitza lanaren inguruan eraiki beharko nuela. Eta ez nuen hori nahi. Libre izan nahi dut erabakiak libre hartzeko.

Sex sua ikuskizunak proiektu musikal bat ere badakar. Zer musika mota da?

Pop abestiak dira, 80ko hamarkadako erritmoetan oinarritutakoak. Eta hori apropos egin dut, zeren asko gustatzen baitzait new wave eta synth pop estiloa, baina euskaraz. 80ko hamarkada horretan ez zen musika mota hori egiten gurean. Beste burbuila batean bizi ginen.

Ligatzeko aplikazioen komunikazio kode berriez ari zara emanaldian. Zeintzuk dira? Adibideekin.

Aurrez aurrekoan, pertsona batekin hitz egiten ari zarela, ez zara bat-batean altxatu eta desagertzen, ezta? Bada, aplikazio horietan oso ohikoa da hori: ghosting du izena. Eta, gustukoa ez den arren, mingarria den arren, askotan geuk ere egin egiten dugu. Normalizatu egin da, nolabait. Horrelako adibideei heltzen diet ikuskizunean.

Beste kasuren bat?

Aplikazio askotan, oso ohikoa da beste aldean dagoenak zuzenean bidaltzea bere argazki bilduma bat biluzik. Hau esateko modu bat da: «Zurekin larrua jo nahi dut, oraintxe». Eta jada ez gaitu harritzen. Inertzia batzuk saihestea oso zaila baita. Nahiz eta zuk oso argi izan zer nahi duzun eta zer nahi ez duzun, sortu diren ohitura batzuk horren fuerteak direnez, nahi gabe eramaten zaituzte.

Nahi gabe?

Adibidez, zuk nahi duzu norbait ezagutu modu lasaian, kafe bat hartzeko gelditu, hitz egin, paseo bat eman, hurrengorako gelditu... Baina zer gertatzen da? Pertsona horrekin larrua jotzen duzula azkenean. Nahiz eta jakin gero hutsik sentituko zarela, min egingo dizula... Baina nola atera zurrunbilo horretatik? Ligatzeko aplikazioak sekulako tresna eta iraultza dira, baina sortu dituztenek badakite nola sortu adikzio moduko bat, eta erabiltzaileontzat oso zaila da horri ihes egitea: edo onartzen dituzu kode horiek, edo hobeto ez erabili.

Generoak, sexu joerak... lerrokatu egingo zaituzte.

Ez dut uste. Lehen ikuskizunean bazegoen salaketa hori, baina modu suabean. Oraingo honetan, ez zaio horrenbesterainoko kritikarik egiten gizarte osoari. Gehiago da abisu bat: «Kontuz! Zaindu zeure burua. Gai hau mahai gainean dago, eta ez dugu honi buruz hausnartu». Aplikazioena gauza oso berria da: denbora gutxian asko aldatu dira, eta gizartearen zati handi batek ez ditu erabiltzen. Ezezagutza erabatekoa da. Ikuskizun honekin agertu nahi dudana da gai puska bat dela, arreta oso gutxi eskaintzen diogula, baina jendeari asko eragiten diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.