Gaur hasi dute denboraldia ETBko albistegietan zein EITB taldeko irratietan. Ez da aparteko aldaketarik izango, baina egokitzapen batzuk egingo ditu talde publikoak. Esate baterako, ETB1eko 20:00etako Gaur egun Lierni Agirrezabala kazetariak aurkeztuko du —azkeneko urteetan makina bat aldiz aurkeztu ditu ETBko albistegiak—. Gainontzeko aurkezleak mantendu egingo ditu Euskal Telebistak: goizetako Egun on Odei Esnaolak eta Irati Errandoneak aurkeztuko dute; eguerdiko Gaur egun Xabier Usabiagak aurkeztuko du; eta asteburuetakoa, Jonan Apaolazak. ETB2ko albistegietan ez da aldaketarik izango aurkezleei dagokienez.
ETBren ikasturte honetako helburu nagusiak albisteak «gertutasunetik, egiazkotasunetik eta zorroztasunez» kontatzea izango dela azaldu du talde publikoak. Iragarri dutenez, denboraldi honetan Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak eta gazteek sakelakoekin duten gehiegizko erabilera izango dira gai nagusietako batzuk. Iragarri dute, bestalde, crossmedia estaldurak egiteko asmoa dutela (telebista, irratia eta Internet), eta publiko berrietara eta gazteengana formatu digital berrien bidez iristeko «etengabeko ahalegina» egingo dutela. Orain informazio zerbitzua indartu egingo dute. Gogoratu behar da, halaber, iazko urtearen amaieran jarri zutela martxan Whatsapp bidezko albiste sistema.
Euskadi Irratiaren ahaleginak
EITBko irratien denboraldi berriari dagokionez, irratia kalera ateratzeko ahalegin berezia egiteko asmoa azaldu du Euskadi Irratiak. «Euskadi Irratiak ahots guztiei lekua egiteko eta emakumeen presentzia indartzeko egingo du ahalegin hori». Programazioaren bizkarrezurrari eutsi egingo dio euskarazko irratiak. Azaldu dutenez, Iñaki Guridik aurkezten duen Albiste Faktoria-n gizarte gaietan arreta berezia jarriko dute. «Gertuko istorioak» bilduko ditu Maider Segurolak Faktoria magazinea-n. Eta publiko «gazteagoa eta hiritarragoa» izango du jomuga Olaia Urtiagaren Baipasa-k, arratsaldeetan. Interneteko sare sozialen aldeko apustua sendotzen jarraituko du irratiak.
Radio Euskadin, Xabier Garcia Ramsdenek Distrito Euskadi saioa gidatuko du —ez du ETB2n jarraituko—. Bestalde, Begoña Jimenezek Bostekoa irratsaio berria aurkeztuko du. Goizetako Boulevard gidatzen jarraituko du Eider Hurtadok.
Radio Vitoriak 90. urteurrena ospatuko du hilaren 30ean. Herritarrekin partekatuko du efemeride hori.
Gazteak, aurreko urteen ildoari jarraituz, «irrati bat baino gehiago» dela erakutsiko du. Euskarazko ikus-entzunezko formatuak sustatzen eta berriak probatzen ahalegina egingo du.
EITBko irratiek bi helburu nagusi izango dituzte denboraldi honetan: batetik, publiko berrietara iristea, herritarrengandik gertu egonez; eta, bestetik, garai eta kontsumo berrietara egokitzea, atal eta narratiba berriak probatuz.