Letra xehez idatzitako historia

'Izan ginelako' estreinatuko dute gaur ETB1en, historia eta emozioak uztartuko dituen saioa

Anne Igartiburu, Mitxel Verdes eta Josune Ariztondo, gaurko saioaren une batean. ETB.
jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Historiari buruzko saio berri bat. Ez letra larriz idatzitako historia, ez jende gehienak ezagutzen duen historia, baina haien izen-abizenak letra larriz idaztea merezi duten protagonistei buruzkoa. Horixe da Izan ginelako saioaren oinarria. Hiru saio izango dira guztira, eta gaur emango dute lehenengoa ETB1en, 22:30ean.

Azken urteetan ohikoak dira historiari buruzko programak ETBn, bai ETB1en, bai ETB2n: Ur handitan saioak bide hori hartu du, Baskoniako historia bat, Origen, Vamos a hacer historia...

Izan ginelako ere historiari buruzko saio bat da, «baina molde eta hizkuntza berri batekin emana». Maite Ibañezek egin du zehaztapena. New Media ekoiztetxeko eta Izan ginelako saioaren ekoizlea da. Ikasketaz, historialaria. «Historia berez da interesgarria, iragana hobeto ezagutzeak interesa sortzen du; baina beste modu batean azaldu dugu, entretenigarriago eta gertutasuna baliatuz».

Dokumentala izan beharrean, programa entretenigarri bat, ez hain akademikoa. Molde berri horren adierazgarri, hiru saioen egitura: saio bakoitzean protagonisten biloba edo birbiloba bat izango da ardatza. Hark egingo dituen kanpo eta barne bidaiak ikusiko ditu ikusleak, eta haien bidez ezagutuko ditu pertsonaiak. Bilobak senideen eta adituen laguntza izango du horretarako.

«Saioek uztartu egiten dituzte, alde batetik, senideen alderdi emozionala, testigantza biziak eta hunkigarriak baitaude», azaldu du Ibañezek. Bilobetan oinarrituta egonda, «bihotzetik kontatutako gauzak dira». Bestetik, historian oinarritutako lana denez, ikuspegi historikoa ere landu dute: artxibo, dokumentazio eta ikerketa lana.

Fikzioa ere erabili dute. Protagonisten bizitzetako pasarte batzuk aktoreen bidez kontatu dituzte. Eneko Zalduondok zuzendu ditu saioak.

Bilboko Verdes liburu denda sortu eta gobernatu zuen familiaren historian oinarrituta dago lehen saioa, Verdes familian. Mitxel Verdes, Emeterio Verdesen birbiloba, izango da gidaria: Emeterio, migratzaile galiziarren semea, Bilboko Delmas liburu dendako atezaina izan zen aurrena; liburu saltzaile eta liburu dendaren jabe gero. Verdes familiak Francisco Francoren kontrako erresistentzian parte hartu zuen, euskararen eta euskal kulturaren zabalkundearen alde lan egin zuen... 2005ean itxi zuten 1905ean zabaldutako denda.

Hurrengo bi saioetako bat Segundo Olaeta musikari eta koreografoari buruzkoa da, Elai-Alai dantza taldearen eta Olaeta balletaren sortzailea; bestea, berriz, Jesus Larrañagari buruzkoa, Ulgor kooperatibaren (gerora Fagor Etxetresnak bihurtu zena) sortzaileetako bat.

Izan ginelako saioaren berritasunetako bat aurkezlea da: Josune Ariztondo, EAJko buruzagi ohi ezaguna, Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian ardura politiko garrantzitsuak izandakoa.

Aurkezle baino gehiago, «gidari» izango da, Muñozek zehaztu duenez. Ariztondok ez dauka eskarmenturik halako lan batean. «Bai, ordea, bestela: harremana izan du kulturarekin, hizkuntz politikarekin, historia ezagutzen du...», arrazoitu du Muñozek. Gustura daude Ariztondoren ekarpenarekin.

Oraingoz hiru saio izango dira. Gehiago egin nahiko lituzkete, baina ez dago haien esku. Saioen audientziak ere ikusi beharko dira. Muñozen arabera, ikusleek babesten dituzte halako saioak. Vamos a hacer historia-ren kasuan, audientzia datu txukunak izan zituztela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.