Ylenia Baglietto. Aktorea eta 'Burubero fest' saioko aurkezlea

«Lehiakideak beldurrez datoz, baina, azkenean, animatzen dira»

Asteazkenero ETB1eko 'Burubero fest' lehiaketa aurkezten du Bagliettok Kike Amonarrizekin, batik bat musikari lotutako probak gidatuz. Hiru aste barru amaituko da.

ETB.
urtzi urkizu
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Goenkale telesailan aktore aritu zen 2010etik 2013ra Ylenia Lopez (Eibar, Gipuzkoa, 1986) —izen artistikoan du abizena Baglietto—. Telebistako aurkezle lanetan aurreneko aldiz ari da ETBn.

Zer moduz doa Burubero fest lehiaketa?

Lehen denboraldi honetan zortzi programa izango dira, eta grabatu ditugu guztiak. Asko ikasi dut. Lehiaketa bateko aurkezle lana arlo berria da niretzat.

Kike Amonarriz alboan izateak lasaitasuna emango du, ezta?

Bai, sekulakoa. Kike gabe ezingo nuke saioa egin. Harengandik pila bat ikasi dut, baita lantaldeko besteengandik ere. Ohorea handia da Kikerekin lan egitea.

Musikarekin lotutako probetan lehiakideek ondo pasatzen dutela ematen du.

Lehiakide gehienak beldurrez joaten dira programara, baina, gero, oso ondo pasatzen dute. Esaten diet kantatzeko, dantzatzeko eta nahi dutena egiteko. Azkenean, animatu egiten dira.

Gonbidatu ospetsuek ez al dute gehiegizko protagonismoahartzen kaleko lehiakideen aldean?

Bai, ETBk apustu hori egin du oraingoan. Gainera, ospetsuen biografia ezkutua egiten dugu, haiei buruzko galderekin. Esango nuke kaleko lehiakideei horrek lasaitasuna ematen diela.

Udako atsedenaldiaren ostean, udazkenean lehiaketa itzultzea gustatuko litzaizuke?

Bai, pila bat; orain martxa hartu dudala... Ez dakigu zer gertatuko den.

Burubero fest saioaren aurretik, Bago!az-en trebatzaile moduan aritu zinen. Zer moduz joan zen?

Izugarria izan zen. Lan asko ere egin genuen. Astero kanta bat eta dantza bat ikastea lana zen. Lehiakideentzat egiten genuen lan neurri batean, eta erronka polita zen.

Goenkale-n ere aritu zinen. Haren falta sumatzen al duzu?

Goenkale-ren falta sumatzen da telebistan. 21 urtez emititu zuten, eta horrek asko esan nahi du. Nik ere, aktore gisa, haren falta sumatzen dut. Goenkale-k lan asko ematen zien euskal aktoreei.

Telebistako ikusle gisa zer gustatu zaizu azkenaldian?

Netflixera kateatuta nago. Ikusi dudan azken telesaila Six Feet Under izan da. Orain, Peaky Blinders hasi naiz ikusten.

Zer pertsonaia gustatuko litzaizuke antzeztea orain arte egin ez duzuna?

Cabaret filmeko Liza Minelli izatea gustatuko litzaidake. Kabareta asko gustatzen zait. Nire aktore gogokoenak, berriz, Marion Cotillard eta Emma Stone dira.

Uda honetarako zer proiektu duzu?

Antzerki obra bat zuzentzen ari naiz: Trece y martes. Komedia bat da, eta abuztuaren 19an estreinatuko dugu Bilboko Aste Nagusian. Zuzendari gisa nire lehen antzezlan profesionala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.