Komunikazioa. Xabier Euzkitze. Kazetaria eta telebista aurkezlea

«Lehen lerroko gonbidatuen iturria agortu samar egin zaigu»

Kontent da Euzkitze 'Bisitaria'-k lortutako emaitzekin. Bi denboraldiz etxez etxe ibili da Euskal Herriko pertsonaiak bisitatzen.

Adrian Garcia.
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Albistegiak aurkezten hasi aurretik, erreportari gisa ibili zen Xabier Euzkitze (Azpeitia, Gipuzkoa, 1966). Bisitaria saioan, telebistako platoak alde batera utzi, eta bi denboraldiz kalera itzuli da. Euskal Herriko lehen lerroko pertsonaien etxeetako ateak jo ditu, eta, grabaketa ordu luzeei esker, gonbidatuen hurbileko potreta egin du. Iragan astean izan zen Euzkitze bisitari azkenekoz; bi denboraldi hauetan gustura ibili da, eta «asko gozatu» du. Udazkenean itzuliko da Euzkitze, eguneroko saio batean. «Ilusioz heltzeko erronka bat badugu».

Zer deritzozu Bisitaria saioak eginiko ibilbideaz?

Oso esperientzia atsegina izan da. Hain zuzen, 44 saio inguru izan dira, eta balantzea oso baikorra da. Bai neu, bai taldekideak eta baita zuzendaritza ere oso gustura gaude egindako lanarekin.

Zein izan da saioaren arrakastaren giltza?

Bisitaria-k ordu askoko grabaketak izan ditu bere alderik onena eta txarrena. Alde batetik, txarrena, bi egunez ordu askorako jendea lotzea ez delako erraza. Guk punta-puntako gonbidatuak bilatu ditugu, eta oso-oso lanpetuta egoten dira. Gainera, ahalik eta ingururik zabalena eskatu diogu bisitatuari; etxekoak, emaztea, senitartekoak, haurrak... Eta ez da erraza. Hori izan da saioak eduki dituen oztopoetako bat.

Horri esker lortu duzue elkarrizketa sakon eta mamitsuak egitea.

Aldi berean, abantaila ere izan da. Zuzeneko saio batean, Anitzele-n egiten genuen bezala, ordu eta erdiko saio baterako gonbidatu bat lortzea askoz errazagoa da. Gutxiago eskatzen zaio gonbidatuari. Baina platoan denek ez dute lortzen hainbeste kamerarekin, argirekin, jenderekin eta iskanbilarekin lasaitzea eta dena ematea. Bisitaria-k hor abantaila du. Hamabost orduko grabaketak ere egin ditugu gonbidatu batzuekin. Bigarren ordurako, ahaztu egiten dira kamerak hor daudela, eta emaitza askoz ere naturalagoa da. Hori izan da Bisitaria-k izan duen alderdirik onena. Asko exijitu diegu bisitatuei, baina mesedegarria izan da, konfiantza lortu baita, eta jendeak barruan daukan hori hustu du.

Zergatik kendu dute, audientziak erantzun badu?

Bai, audientziek erantzun dute, eta ikus-entzule fidelak izan ditugu. Zuzendaritzak hasieratik argi izan du Bisitaria-k lehen lerroko jendea bisitatu behar zuela. Lehen lerroko jendea, euskal mundua hain murritza izanik, ez da hainbestekoa. 44 saio inguru egin ditugu, eta asko dira. Gehiago ere baleudeke, baina ez askoz gehiago. Denak ez dira baiezkoak izan. Lehen lerro hori asko zukutu dugu.

Ezinbesteko baldintza al zuen Bisitaria-k pertsonaia ospetsuetara jotzea?

Itziar Mendizabal Hondarribiko (Gipuzkoa) dantzaria jendearen ezagutzari dagokionez ez da lehen-lehen lerroko pertsonaia. Saio hori ikusi zutenek ez zuten ezagutzen Mendizabal. Halere, oso emaitza ona izan genuen, bai audientziari, bai jendearen inpresioari dagokionez. Sinetsita nago horrelako jende interesgarri ez hain ezagun asko badaudela. Horrelako jendearen bila joango bagina, oraindik ere Bisitaria-k eman zezakeen zerbait gehiago. Baina zuzendaritzak lehen lerroko jendearen bila joatea erabaki zuen, eta iturria agortu samar egin zaigu.

Askotan esan izanda telebistak azaletik jorratzen dituela gaiak. Zuek kontrakoa egin daitekeela erakutsi duzue.

Urte dezente daramatzat telebistan, eta bisitatu gehienak aurretik elkarrizketatu nituen, baina hau beste era bateko elkarrizketa izan da. Askoz ere ordu gehiago izan dira, eta beste intentsitate bat du. Giroa askoz ere erlaxatuagoa da bisitaria eta gonbidatuaren artean orduek aurrera egin ahala. Horrek beste sakontasun bat lortzeko bidea ematen dizu. Alex Txikonekin heriotzari buruz egindako gogoetak, adibidez; elkarrizketa puntu horretaraino eramatea ez da erraza plato batean. Han, berriz, auto karabana barruan, ordenagailuan gordeta zeuzkan argazkiak ikusten hasi, eta gaueko intimitate horrek ematen dizu beste kokaguneek emango ez lizuketen parada.

Denetariko gaiak ukitu dituzue, gainera, elkarrizketatuen bidez.

Geografikoki zabaltzen saiatu gara, Euskal Herria oso-osorik hartzen. Euskal Herriko mugetatik kanpo ere izan gara. Ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara, bai geografikoki eta bai bisitatuen profilari zegokienez. Ahalik eta aniztasunik handiena eskaintzen saiatu gara, eta nik uste, neurri handi samarrean lortu dugula.

Ba al da bisitatzeko gogoz geratu zaren pertsonaiaren bat.

Asko. Esaterako, politika munduan, Ibarretxe lehendakari ohia. Saiatu gara, baina ez dugu lortu. Arnaldo Otegi bisitatzea izugarri gustatuko litzaidake. Xabier Arzallus bera, Karlos Garaikoetxea ere bai. Nire ustez, zuzendaritzak ez dizkio ateak erabat itxi Bisitaria-ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.