Donostiako Zinemaldian aurkeztu ostean, Netflix plataformak urriaren 4an estreinatu zuen El hoyo 2 filma. Plataformak joan den asteko ikustaldi datuak eman ditu, eta Galder Gaztelu-Urrutiaren pelikulak 19,5 milioi ikustaldi izan zituen estreinatu osteko lehen hiru egunetan. Carlos Juarez filmeko ekoizleak azaldu duenez, 60 herrialdetan baino gehiagotan iritsi da lehen tokira. Mundu osoan Netflixen gehien ikusi zen filma izan zen urriaren 4tik 6ra.
Filmeko lantaldea «poz-pozik» dago izaten ari diren harrerarekin. Juarezek uste du «ikaragarria» dela lortzen ari direna. «Bizkaian egin dugun film bat Ameriketako Estatu Batuetan lehen tokira iristea oso eroa da. Europa osoan jarri da lehen tokian. Eta gauza batzuk oso harrigarriak dira: oraintxe, Japonian eta Hong Kongen lehen tokian dago El hoyo 2».
Datorren astean jakinaraziko ditu Netflixek aste honetako datuak. Espero daiteke Gaztelu-Urrutiaren pelikula berriak ikustaldiak pilatuko dituela aurrerantzean ere. Gogoratu beharrekoa da El hoyo bere lehen filmak sekulako arrakasta lortu zuela pandemia garaian, 2020ko martxoan: Netflixen gehien ikusi ziren filmen zerrendan lehen tokira iritsi zen, eta 83 milioi ikustaldi izan zituen. Euskal Herriko lan batek ez du aurrez inoiz halakorik lortu. Bigarren zatiaren estreinaldiak berarekin ekarri du, bestalde, lehen zatia jende gehiagok ikustea edo lehendik ikusia zutenek berriro ikustea: 3,7 milioi ikustaldi baino gehiago izan zituen joan den astean aurreneko zatiak.
El hoyo 2-ko ekoizleak, bestalde, nabarmendu du 19,5 milioi ikustaldi izatea «sekulakoa» dela. «Ikustaldi horietako asko pertsona bakarrekoak izango dira, baina beste askotan etxe bateko telebistan egin direnak dira, eta horretan ikusle bat baino gehiago izango ziren pantaila aurrean. Esan daiteke dagoeneko 40 milioi herritar inguruk ikusi dutela filma».
Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1946) euskalduna dago El hoyo 2-ko aktoreen artean —lehen zatian ere azaldu zen—. Beste aktore protagonisten artean, Milena Smit, Hovik Keuchkerian, Natalia Tena eta Oscar Jaenada daude. Musika Aitor Etxebarriarena da. Grabaketak Barakaldoko (Bizkaia) BECen egin zituzten; hemezortzi metroko altuera irudikatu zuten.
'Rich flu' filma
Juarezek ekoitzi eta Gaztelu-Urrutiak zuzendutako azkeneko filma, bestalde, Rich Flu da. Sitgesko Zinema Fantastikoko Jaialdian (Herrialde Katalanak) aurkeztu berri dute pelikula. Aktore protagonisten artean Mary Elisabeth Winsted, Jonah Hauer-King, Lorraine Bracco, Rafe Spall eta Timothy Spall dira. Zientzia fikziozko distopia bat da, El hoyo-ren bi zatiak bezala. Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetara urtarrilean iritsiko da Rich Flu.
Sitgsesko estreinaldia baliatu dute filmeko ekoizleek hainbat herrialdetako banatzaileei saltzeko. «Pelikula berri honen atzean ez dago Netflix. Ekoizpen independente bat da, baina enpresa indartsu dagoela erakusten ari gara lan berri honekin. Munduko herrialde ugaritan saltzeko aukera izan dugu jada; esate baterako, Indian».