Lehen halako hiru emakume kazetari hil dituzte azken bi urteetan

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dutenez, 57 kazetari hil dituzte aurten; horien %20, Mexikon

Pablo Gonzalez preso daukate Polonian, baina Mugarik Gabeko Kazetariek ez dute urraketen txostenean aipatu. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urte beltza izan da kazetarientzat aurtengoa. Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak txosten bat argitaratzen du urtero, jakinarazten duena zenbat kazetari dauden mundu osoan kartzelatuta, bahituta eta desagertuta, eta zenbat hil dituzten. Aurten, 57 kazetari hil dituzte, iaz baino ia %20 gehiago. Mexikon zenbatu dira hildakoen %20, eta herrialderik arriskutsuenetako bat izendatu dute txostenean. Bestalde, lehen halako hiru emakume kazetari hil dituzte azken bi urteetan : aurten %12 da ehunekoa.

Mugarik Gabeko Kazetarien txostenean azaldu dutenez, abenduaren 1ean 533 kazetari inguru zeuden kartzelan «euren lana egite hutsagatik». Elkartean inoiz ez dute hain kopuru handirik zenbatu. Txina da kazetari gehien kartzelatuta daukan herrialdea: 110. Hartaz gain, Myanmar, Iran eta Bielorrusia dira kazetari gehien espetxeratuta dauzkaten herrialdeak. Horien %14 inguru dira emakumeak. Duela bost urte erdiak ziren: %7, hain zuzen.

Txostenean agertzen ez den arren, Pablo Gonzalez euskal kazetaria ere preso dago, joan den otsailaren 28tik. Azaroan Poloniako fiskaltzak behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabete luzatzea erabaki zuen. Guztira hamar bat hilabete daramatza Poloniako kartzela batean.

«Diktadurak eta erregimen autoritarioak kazetariz betetzen ari dira euren kartzelak. Atxilotutakoen kopuruaren gorakadak askatasuna, independentzia eta aniztasuna defendatzen duten guztienganako elkartasun aktiboa gauzatzeko premia larria berresten du», azaldu du Christophe Deloirek, Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteko idazkariak.

Gaur-gaurkoz, gutxienez 65 kazetari eta hedabideetako langile daude bahituta; Irak, Mali, Yemen eta Sirian daude. Bestalde, bi kazetari desagertu dira aurten: Dmytro Khiliuk —Errusian desagertu zen—, eta Roberto Carlos Flores Mendoza mexikarra.

Kazetariei sariak

Urtero bezala, Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak prentsa askatasunaren sariak ematen ditu. Aurtengo sari banaketa joan den asteleheneanizan zen, Parisen.

Adorearen saria Narges Mohammadi Irango kazetariak irabazi zuen. Duela hamabi urtetik kartzelan dago, eta handik ere idazten jarraitzen du, presoen egoera —bereziki emakumeena— nolakoa den azalduz. Mstyslav Txhernov eta Jevhen Maloletka ukrainarrek euren lanarengatik lortutako eraginari emandako saria lortu zuten. Mariupolgo (Ukraina) martxoko bonbardaketen ondorioak bildu ahal izan zituzten bakarrak izan ziren.

Omar Radik independentziaren saria lortu zuen. Marokoarrak hamar urte inguru daramatza gai zailak ikertzen, eta, bere lanarengatik, judizialki jazartzen ari zaizkio bere herrialdean. 2020ko ekainean espioitza leporatu zioten Radiri, Amnesty Internationalek argitaratu ondoren haren sakelakoa pirateatu zutela Pegasus softwarea erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.