Mendiko gorila babestuen inguruko dokumental berezi bat zuzendu zuen Aner Etxebarriak (Getxo, Bizkaia, 1988) duela bi urte: Joy —Filmin plataforman ikus daiteke—. Lurraren ahotsak zuzendu du orain, Pablo Vidalekin batera. Bidaia oso luzeak egin dituzte lan hori osatzeko. Gariza Filmsek ekoitzi du saioa.
Nondik nora sortu zitzaizuen Lurraren ahotsak egiteko ideia?
Pablo Vidal eta biok 2017an hasi ginen gaiaren inguruko informazioa bilatzen. Gure galdera zen ea gizakien eta animalien arteko zer sinbiosi harremanek irauten zuten oraindik. Jakin nahi genuen ba ote zen gaur egun gizakiek eta animaliek komunitate batean talde moduan funtzionatzen dutelako frogarik, batez ere natur eremu basatietan, eta, baiezkoan, istorio horiek kontatu. Oihanetan, sabanetan, basamortuetan... ibili gara. Hamalau harreman aurkitu ditugu.
Eta horietatik 11 aukeratu dituzue, ezta?
Bai, 11 harreman horietan oinarrituta egin ditugu sei atalak. Lehen bost ataletan, bi istorio tartekatzen dira aldiro. Antzekotasunak dituzten istorioak elkartu egin ditugu. Protagonista bakoitzak bere hizkuntzan hitz egiten du [Filmin-en, azpidatziak gaztelaniaz eta ingelesez daude, eta Primeran-en, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira].

Mongolia eta Hego Sudan elkartu dituzue lehen atalean. Zergatik?
Hego Sudaneko artzain talde batek behiak ditu, eta Mongoliako artzain taldeak elur oreinak. Ikusi genuen antzekotasun handiak zituztela elkarren artean. Narrazio txirikorda bat osatu genuen bi tokietako irudiekin. Hego Sudanera joan ginen lehen aldian, arazoak izan genituen: atxilotu egin gintuzten, espioitzat jo, eta herrialdetik kanporatu. Handik hilabete batzuetara itzuli ginen filmaketak amaitzera.
Bada atal bat istorio bakar bati eskainia, ezta?
Seigarren atala osorik istorio bati eskainia dago, bai. Ikusi genuen, gainera, dokumental sorta osoaren balioak istorio horretan biltzen zirela. Brasilgo Amazoniako awa-guaja komunitatekoek hanima deiturikoekin [animalia sakratuekin] zer bizi duten kontatzen da, hain zuzen. Haien arbasoen legeak zera dio: naturak elikagaiak ematen dizkigu, baina, aldi berean, ehizatutako animalia batek kumeak baditu, adoptatu egin behar dira. Hortaz, animalia horiek, hazten direnean, komunitatean gelditu ala ez erabakitzen dute.
Noiz izan zenituzten bizipenik hunkigarrienak?
Ba, hain justu, Brasilgo atal hori grabatzen ari ginela. Awa-guaja komunitateko seiehun kide gelditzen dira soilik, eta horietatik 150ek ez dute harremanik «gizon zuriekin». Bikote batekin bizi izan ginen han, eta iraganera bidaiatzearen parekoa izan zen. Oso interesgarria zen haiekin ehizara joatea: larrugorrian joaten dira, eta isilik ibiltzeko eskatzen dute. Pentsa, kilometro bateko tartean entzuten dituzte animalien soinuak. Protagonista bikoteak makako txiki bat zuen, eta animalia sakratu horien bizitza komunitatea nolakoa den kontatu dugu. Oso hunkigarria izan zen haien bizitza nolakoa den ikustea.

Zein beste herrialdetan izan zineten?
Indian, Mozambiken, Madagaskarren, Etiopian, Indonesian, Islandian, Galizian eta Perun. Toki bakoitzean hilabete inguru egiten genuen. Lau laguneko talde bat joaten ginen grabaketak egitera. Vidal eta biokin batera, Maitane Carballo eta Susana Ojea etorri ziren bidaietara; bi ataletan, Eliana Alvarez etorri zen Ojearen ordez.
Edizio lana zaila egin al zitzaizuen gero?
Lehen partea zen zailena; lehen pausoak emateko orduan, beldurra izaten da, eta ahalik eta gehien grabatzen saiatzen zara. Noski, gero, itzuleran, material asko pilatzen da, eta erabaki behar izaten da zer parte erabiliko dituzun istorioa kontatzeko. Lehen atala hemeretzi aldiz editatu genuen. Baina erabaki ona izan zen hori; izan ere, atal bat hemeretzi aldiz muntatzen duzunean, baduzu erreferentzia bat ondoren etorriko diren istorioak editatzeko. Musika Joseba Britek egin du.

Dokumental sorta honek harrera ona baldin badu, atal berriak grabatzeko aukerarik izango da, zure ustez?
Idatziak dauzkagu beste denboraldi bat egiteko istorioak. Baina atal berriak grabatzeko sustapena edo laguntza behar dugu. Horrelako ekoizpenak garestiak dira, bidaia asko egin behar dira eta.
Bidaia luze horien ostean, norbait ba al duzu gogoan?
Hego Sudanen Toni Espadas lagunarekin lan egin genuen. Etiopiako atala ere haiei esker egin genuen. Hark zuen harremana komunitate horiekin. Zoritxarrez, iazko maiatzaren 20an hil zen. Dokumental saio hau Espadasi eskaini nahi diogu.