Hamabigarren urtez, ikus-entzunezko itzulpen onenak saritu ditu Ikus-entzunezkoetako Itzulpen eta Egokitzapenen Espainiako Elkarteak, baina berrikuntza nabarmen bat izan dute aurten: lehen aldiz, katalanera, galegora eta euskarara itzulitako edukiak saritu dituzte.
Euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenaren saria Ane Garmendiak jaso du, Mavka. Basoaren zaindaria animaziozko filmean egindako lanagatik. Epaimahaiak hiztegi «aberatsa» nabarmendu du, eta «euskarari dagozkion esamolde asko» daudela nabarmendu. «Horiek bikoizketari errealismoa ematen diote, eta elkarrizketetan sentimendu bera», azaldu du epaimahaiak.
Ukrainako film bat da Mavka. Basoaren zaindaria, eta, Garmendiak azaldu duenez, «gerra betean» amaitu zuten, «ozta-ozta, zailtasun handiekin». Jatorrizko bertsioa ingelesezkoa da, eta hizkuntza horretatik euskarara itzuli zuen Garmendiak. Ondotik, bikoiztaile talde batek bikoiztu zuen. Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoaren barnean estreinatu zuten Hego Euskal Herriko aretoetan. Egun, Amazon Prime Video ordainpeko plataforman ikus daiteke euskaraz.
Garmendiak nabarmendu du «proiektu polita» izan dela Ukrainako filmarena. «Gidoia itzultzeko, egokitzeko eta kantak moldatzeko aukera izan nuen. Oso neurea sentitzen dut lana; proiektu biribila izan da». Saria jasotzean, Garmendiak honako hitz hauek egin zituen: «Euskarak ikus-entzunezkoen iturritik edan behar du biziraungo badu. Euskarak zabaldu egin behar du euskaraz sortutako eta euskarara ekarritakoetan ere». Garmendiak agintari guztiei eskatu zien «gidoia aldatzeko, euskararen alde».
Azpidatzietan, 'The Wheel of Time'
Euskarazko azpitituluetarako itzulpenik onenaren saria, bestalde, Leire Txertudik —itzulpena— eta Ilargi Garciak —berrikusketak— jaso dute, The Wheel of Time telesailaren bigarren denboraldian egindako lanarengatik. Telesail hori ere Amazon Prime Videon ikus daiteke; bi denboraldiek dituzte euskarazko azpidatziak. Saria jasotzean, Garciak elkartzera animatu zituen euskara itzultzaileak.
Mezu hori oso egokitzat jo du Garmendiak: «Itzultzaile gehienak langile autonomoak gara, eta elkartzea ondo legoke. Nahiko ikusezinak izaten gara. Eta Txertudiren dei hori funtsezkoa iruditzen zait, gure artean laguntzeko eta babesa eskaintzeko». Ikusgarritasunean ere elkarrekin jardutearen alde mintzatu da.
Jatorriz euskarazkoak diren lanak edo euskarara ekarritakoak aurkitzea «nahiko zaila» izaten dela esan du itzultzaileak. «Zernonikusi egitasmokoek sekulako lana egiten dute, baina, hala ere, jendeak ez du jakiten euskarazko zein lan dauden». Garmendiak euskarazko ikus-entzunezkoen alde lan egiten duten herri ekinbideak goraipatu ditu: «Ea haiei esker lortzen dugun gidoia aldatzea, euskara ikus-entzunezkoetara ekartzeko». Lan baldintzetan ere hobetzeko kontu asko daudela gogorarazi du.