San Joan bezperan amaitu ohi du denboraldia Hamaika telebistaren Kolpez kolpe saioak. Hala egingo du aurten ere: hilaren 21ean eta 22an emango dute laugarren denboraldiko azkeneko saioa. Baina horren aurretik, ostiral honetan ospakizun txiki bat egingo dute Donostiako Bukowsky tabernan. «Lau denboraldi burututa, lagunartean topa egiteko baliatuko dugu», azaldu du Ekhiñe Atorrasagasti Kolpez kolpe formatuaren sortzaileak. «Garrantzitsua iruditzen zaigu denboraldia behar bezala amaitzea, lagun artean, eta jaso dugun babesa eskertuz». Hain zuzen ere, azkeneko denboraldian aktualitateko gaiak aztertzeko mahaira gonbidatu dituzten solaskideak izango dira ostiraleko topaketan.
Aktualitatea modu zirtolarian landu ohi du Kolpez kolpe programak. Asteburuetako formatua Naroa Iturrik gidatu ohi du, Atorrasagastiren laguntzarekin —ostiraletan eta larunbatetan ematen dute, 22:00etan—. Asteburuko saioak berrehun atal bete ditu berriki. Astegunetan, bestalde, Atorrasagastik KZK Antetantik At aurkezten du, eta horren laurehun atal egin dituzte dagoeneko. Bietako zuzendaria da Atorrasagasti.
Amaitzear den denboraldia «interesgarria» izan dela nabarmendu du saioko zuzendariak: «Kualitatiboki garapen bat izan dugu. Analisi mahaia gehiago hornitu dugu, eta emakume analista gehiagoren ikusgarritasuna zabaltzeko aukera izan dugu». Hortaz, alde askotatik denboraldiaren balantze ona egin du Atorrasagastik. «Erreferentzialtasuna irabazi dugu. Ikusleekin feedbacka nabaritzen dugu, gero eta gehiago». Euskal Herriko zenbait txokotan gelditu izan dute azkenaldian kazetaria, Hamaika telebistako saioa ikusten dutela esateko. «Gainera, lehen mailako gonbidatuak ekartzea zen erronka, eta hori lortu dugu: piisuzko eta erreferentziazko gonbidatuak izan ditugu».
Asteburuko saioak berrehun atal egitea eta astegunekoak laurehun atal gainditzea ez da kasualitatea. Datu horien atzean ibilbide bat dagoela nabarmendu du formatuaren sortzaileak. «Heltzen joan den saio bat da Kolpez kolpe. Oraindik leuntzeko harribitxi bat da. Gainera, kontuan izan behar da emakumeen eskutik sortutakoa dela, emakumeek ekoitzia, eta aktualitate azidoaren euskarazko saio bat». Egindakoarekin pozik dago Atorrasagasti: «Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, lau denboraldi egitea lortu dugu, jakinda hobetzeko gauzak daudela. Baliabide gehiago izan ahala, etorkizunean ere ibilbide interesgarria izan dezakeen programa bat da».
Atorrasagastik berak erronkatzat jo du saioa sortzea eta horrek aurrera egitea. «Ahalegin handia eskatu du, baina zapore ona uzten duen ahalegina da. Ez da ohikoena emakumeek askatasunez prime time ordutegiko telebista saio bat ekoiztea. Telebistan bide bat urratu dugu. Askatasunez ekoitzitako aktualitateko saio feminista bat egitea lorpen bat da». Eta horregatik ospatuko dute saioaren bidea etzi Donostian. «Ahalduntze bat izango da».
'Zozoak beleari', bueltan
Hamaika telebistak baditu bestelako saio jostalariak. Horietako bat Zozoak beleari bideopodcasta da. Saio horren lehen denboraldia iazko urrian estreinatu zuten. Orain, berriz, bigarren denboraldia iritsiko da: gaur, denboraldiko lehen atala Gasteizko Hala Bedi irratian grabatuko dute, 17:00etan. Danelicious eta Laura Re dira bideopodcastaren aurkezleak, eta gaurko gonbidatua Kai Nakai musikaria izango da.
Bigarren denboraldiaren zortzi atalak datozen asteetan sareratuko dituzte: igandeetan, 20:00etan, Youtuben, Sportifyn eta Hamaikaren webgunean jarriko dituzte. Eta asteartero, 22:00etan, Hamaikak telebista konbentzionalaren emanaldiak egingo ditu atalak. 30 minutu dirau atal bakoitzak. Bigarren denboraldi honetan, Danelicious —Danel Pascual— kale galdeketak egiten ibiliko da Gasteizen.