Mirari Martiarenak aurkezten duen Hitzetik hortzera saioak larunbatero 21:00etan izango du hitzordua bertsozaleekin eta bertsolaritzarekin ETB1en. Etzi hasiko dute denboraldi berria, eta ikasturte berria 32 programak osatuko dute: denboraldia hilaren 14an hasi eta apirilaren 26an bukatuko da. Asteroko saioei udazkenean ospatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari loturik egingo diren saio bereziak gehituko zaizkie. Programako protagonista bertsoa izango da, eta Euskal Herri osoan saioz saio ibiliko da Hitzetik Hortzera.
Astero bi bertso plazatako saioekin gozatzeko aukera izango da. Baina bertsoak jorratzeaz gain, bertsolaritzaren ekosisteman gertatzen denaren berri emango du programak, eta, hartara, astez aste gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte; izan bertsolari, bertsozale, edo euskal kultur sortzailea. Bertsoaldi historikoek ere izango dute bere lekua programan, gonbidatuen proposamenekin egingo baitute atzera begirako tartea, euren bertsoaldi kutunaren bidez.
Martiarenak jarraituko du saioko aurkezle lanetan. Bigarren urtez gidatuko du saioa. Hïka Basque Brand eta Koöl Studio arduratuko dira aurkezlearen estilismoaz.
Iaz egin bezala, bertso sorta musikatuak ere izango dira denboraldi honetan. Programarako propio sortu dituzte bertsoak, eta kantuan entzungo dira honako hauek: Saats Karasatorre, Ekaitz Goikoetxea, Manu Bendala, Izar Mendiguren, Maddalen Arzallus, Irantzu Idoate, Maider Arregi, Ekhiñe Zapiain, Xabat Galletebeitia eta Josune Aramendi. Bertsoak musikatzeko ardura, berriz, Manex Pagola musikariak izango du.
Bertsozalerik gaztetxoenek ere izango dute euren tartea Hitzetik Hortzera-n. Aurten ere bertsoari buruzko euren hausnarketak plazaratuko dituzte Aizarnazabalgo (Gipuzkoa), Aguraingo (Araba), Antsoaingo (Nafarroa), Itsasuko (Lapurdi) eta Zornotzako (Bizkaia) haurrek eta gazteek Txikitik handira atalean.