Larunbatean aurkeztuko dute 'Alea', Arabako astekari berria

Urtarrilaren 16tik aurrera, ostiralero banatuko dute.Harpidedunek urtean 50 euro ordaindu beharko dute.32 orrialde izango ditu

urtzi urkizu
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
GEU Gasteiz elkarteak, BERRIAk eta Goiena-k, Arabako hainbat eragile eta norbanakorekin batera, bat egin dute euskara hutsezko astekari bat sortzeko. Urtarrilaren 16tik aurrera banatuko dute Alea astekaria harpidedunen artean —urtean 50 euro ordaindu beharko dute—. Eta, aldizkariaren 32 orrialdeetan, Arabako albisteak, erreportajeak, elkarrizketak eta aisialdiko tarte erakargarriak aurkituko dituzte irakurleek. BERRIAren harpidedunek gainkosturik gabe jasoko dute aldizkaria. Aldizkari berria ezagutarazteko, aurkezpen jaia egingo dute larunbat honetan Gasteizen.

Ane Pedruzo Alea-ko komunikazio kanpainaren arduradunak azaldu duenez, 2012ko udazkenean hasi zen proiektua mamitzen: «Euskarazko hedabideak arlo eta eremu ezberdinetan lanean ari ziren arren, herrialde mailan hutsunea zegoela ikusita, elkarlanerako aukera ikusi zuten GEU Gasteiz elkarteak, Goiena-k eta BERRIAk». Bideko urrats nagusia Arabako euskaldun eta euskaltzaleen sarea osatzea izan dela nabarmendu du Pedruzok: «Kuadrillaz kuadrilla informazioa zabaldu, lantaldeak osatu eta ekarpenak jaso ditugu». Lan horren emaitza da Alea, proiektu «plural, ireki eta parte hartzailea». Proiektuarekiko interesa agertu dute elkarte, ikastetxe, euskaltegi eta erakunde ugarik. «Interes horrek aniztasuna nabarmendu besterik ez du egiten».

Euskararen normalizazioan eragin nahi du Alea-k, sustatzaileen arabera. Halaber, lurraldea informatiboki «kohesionatzeko» bokazioa du, euskara ardatz izanik.

0 zenbakia aurkezpen jaian

Alea astekarian, Arabako gizartean eztabaidagai diren gaiak eramango dituzte hasierako orrialdeetara. Elkarrizketa sakonak ere egingo dituzte. Kolaboratzaileen iritzi zutabeez gain, irakurleek ere izango dute iritzia emateko tartea. Arabako zortzi kuadrillen informazioa emango dute astero—kuadrilla bakoitzak orrialde bat izango du gutxienez—. Hamaika saltsa atalean, kultur proposamenak, haur eta gazteen tartea, sexologia, bertsolaritza eta teknologia berriak izango dira.

Larunbat honetako jaian aurkeztuko dute astekariaren zero zenbakia. Gainera, aurkezpenerako balioko duen zenbakiaren 65.000 ale banatuko dituzte datozen asteetan: ikastetxeetan, euskaltegietan, Alaves eta Baskoniaren partidetan...

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo dute aurkezpen jaia, 17:00etatik aurrera. Haur ginkana izango da Aker eta Babazorrorekin, Oihan Vegak Euskararen espektakulue bakarrizketa antzeztuko du, bertsoak ez dira faltako, eta Jon Basagurenek eta Libek kontzertuak emango dituzte. Zero zenbakia banatzeaz gain, bizikletarako Alea matrikulak eskuragai izango dira.

Sare sozialetan bizirik da jada Alea: profil propioak ditu Twitterren eta Facebooken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.