EITBk gazteei eta euskal musikagintzari ez diela baliorik aitortzen salatu dute Gazteako eta EITB Musikako langileek. Kulturak, entretenimenduak, musikak eta gazteek eurek prekaritatea pairatzen dutela gaineratu dute, eta 131 profesionalen babesa jaso dute. «Urte luzez egin bai, baina aitortu eta ordaindu ez zaigun lanak merezi duen errekonozimendua izan dezan eskatzen dugu». Salatu dute arrakala dagoela Gaztea eta EITB Musikako eta EITBko gainerako langileen soldataren artean. «Eta, horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu gure baldintzak gainerako langileekin parekatzea». Atzo ziren banatzekoak Gaztea Sariak, baina bertan behera gelditu ziren, langileen eta zuzendaritzaren arteko gatazkagatik.
Martxoaren 6rako deituta zeukaten greba deialdia ikusita, enpresak Gaztea Sariak bertan behera uztea erabaki zuela salatu dute langileek, «gurekin mahai batean eseri eta akordio batera iritsi beharrean». Horrez gain, salatu dute EITBk ez duela «inolako oharrik zabaldu» ekitaldia bertan behera gelditu dela adierazteko.
Gogoratu dute euskal kulturgintzaren parte diren eragileak eta gizarte osoa ezinbestekoak direla Gaztea eta EITB Musika bezalako erakusleihoak osasuntsu egon daitezen. EITBri exijitu diote langileen egoera aldatzeko, eta sinadura bilketa bat ere egin dute —131 egin dituzte publiko—.
Hauek dira sinatu dutenetako batzuk:
- Afrika Bibang.
- Ainhoa Etxebarria.
- Aitziber Garmendia.
- Ana Goitia.
- Anari.
- Aner Peritz.
- Belako.
- Benito Lertxundi.
- Bulego.
- Chill Mafia.
- Dupla.
- Edurne Azkarate.
- Eneko Sagardoy.
- Eñaut Elorrieta.
- ETS.
- Fermin Muguruza.
- Gari.
- Gatibu.
- Gorka Urbizu.
- Gozategi.
- Ines Osinaga.
- Itziar Ituño.
- Izaro.
- Janus Lester.
- Jon Plazaola.
- Kokein.
- Mikel Urdangarin.
- Neomak.
- Olaia Inziarte.
- Olatz Salvador.
- Pello Reparaz.
- Ramon Agirre.
- Su Ta Gar.
- Xabier Euzkitze.
- Zea Mays.