Laborategi bat sortu dute telebista formatu berritzaileak garatzeko

Bideoak urtarrilaren 10a baino lehen bidali behar dira. Hasieratik sare sozialetan jarriko dituzte

Jokin Etxeberria, Diego Urrutxi eta Elbio A. Nielsen, Next Station laborategiko koordinatzaileak. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Eiken ikus-entzunezko klusterrak eta EITBk formatu berritzaileak sortzeko laborategi bat jarri dute martxan. Next Station du izena laborategiak, eta hiru ekoizpen etxek koordinatuko dute proiektua: Media Attackek, Develop HUBek eta J.O.K. Filmsek. Sortzaileei laguntzea du helburu laborategiak, prototipoak eta ikus-entzunezko formatu berriak garatuz. Lehen fasean, adin nagusikoa den edozein herritarrek aurkeztu ahalko du proiektua, eta, horretarako, laborategiaren sare sozialak erabili beharko ditu —Facebook edo Instagram—. Ideia minutu bateko bideoan aurkeztu beharko da, selfie formatuan. Urtarrilaren 10a arte bidal daitezke ideiak; oinarriak www.nextstation.club/ webgunean daude jasota.

Laborategiko koordinatzaileak Elbio A. Nielsen (Develope HUB), Jokin Etxeberria (J.O.K. Films) eta Diego Urrutxi (Media Attack) dira. Telebistako formatuak garatzeko prozesuak «luzeegiak» izaten direlako pentsatu dute laborategia sortzea, Urrutxik azaldu duenez. «Ideia sortu eta gero Biblia idazten da normalean, probako atal bat grabatzen da, telebistari erakusten zaio, eta telebistak onartzen badu, azkenean, ikusleei erakusten zaie». Laborategiaren bidez prozesu horretan inbertitu nahi dute. «Next Station-ekin nahi dugu edonork ideiak aurkeztu ahal izatea, eta sare sozialetan ideia horiek kontrastatuak izatea. Prozesuan audientziak ere parte hartzea nahi dugu», azaldu du Media Attack transmedia ekoizpen etxearen sortzaileak. «Produkzioa bizkorrago izatea ere nahiko genuke».

Aurkezten dituzten lanetatik hogei aukeratuko dituzte. Hogei horietatik bost ideia iritsiko dira finalera. Mondragon Unibertsitateko Luis Berasategik sortutako Open Innovation metodologia erabiliko dute azken prozesuan. «Finalera iristen diren bost proiektuek diru sari bat jasoko dute, eta Bilbon proiektua garatzeko aukera emango diete. Eikeneko zenbait ekoizpen etxek aztertuko dute formatu horiekin aurrera egin ala ez. Gure helburua litzateke formatu bat edo bi,behintzat, ETBn estreinatzeko ekoitziak izatea», jakinarazi du Urrutxik.

Next Stationeko Facebookeko orrialdean dagoeneko ikus daitezke hautagaiek bidalitako bideo batzuk. «Lehen fase honetan, garrantzitsua izango da hartzaileekin interakzioa». Instagramen ere egongo dira piezak.

Next Station laborategiaren metodologiak nazioarteko beste industria batzuen egitasmoak ditu erreferentziatzat, tartean Erresuma Batukoak —BBC Taster— eta Finlandiakoak —R/O Insitute—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.