Laboaren kasete galdua

Naiz irratiak 'LabankaDA' izeneko fikziozko podcasta sortu zuen iaz, eta bigarren denboraldia sareratzen ari da egunotan. Lehen bi atalak entzungai daude jada. Mikel Laboaren kasete argitaragabe baten desagerpena da istorioaren ardatza.

Goiuri Ezeiza eta Inigo Asensio 'LabankaDA!'-ren sortzaileak, Durangon. NAIZ IRRATIA
Goiuri Ezeiza eta Inigo Asensio 'LabankaDA!'-ren sortzaileak, Durangon. NAIZ IRRATIA
urtzi urkizu
2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

Amaitu dira egun lasaiak Naiarentzat eta Unairentzat: euskal kulturaren sorospen deia sumatu dute berriro ere. Euskal Herriak behar ditu, hala sentitzen dute, behintzat. Eguneroko errutina aspergarria utzi, eta genero beltzeko pelikuletako detektibeen antzera hasiko dira pistei jarraitzen. Mikel Laboaren kasete argitaragabe bat aurkeztekotan dira Durangoko Azokan, baina, prentsaurrekoaren bezperan, kasetea desagertu egingo da. Hori da LabankaDA! fikziozko podcastaren bigarren denboraldiko istorioaren abiapuntua. Durangoko Azokako lehen egunean estreinatu zuten aurreneko atala, atzo sareratu zuten bigarrena, eta falta diren bi atalak bihar eta abenduaren 17an estreinatuko dituzte. Naiz irratian eta podcast plataformetan entzun ahalko dira guztiak.

LabankaDA!-ren lehen denboraldian, literatur munduko hainbat idazlek eta editorek parte hartu zuten. Orduko hartan, Harkaitz Canoren heriotzaren auzia argitu zuten protagonistek —fikzioa da; Cano bizi-bizi dabil sormen lanetan—. Bigarren denboraldian, Naia eta Unai protagonistak prest daude Laboaren kasete lapurtuaren auzia argitzeko. Hainbat galdera planteatuko dira istorioan: Nork lapurtu du kasetea? Zergatik, baina? Zer helbururekin? Baina nor da gaizkilea?

Poliziak auzia bide ofizialetik ikertzen duen bitartean, Naiak eta Unaik teoria zoroagoak landuko dituzte: agian, Pello Reparaz izan da, Laboaren kantuak Mitoaroa kontzertu berezian erabiltzeko? Edo Maite Arroitajauregik lapurtu du, eta soinu banda batean erabili nahi du? Ala Chill Mafiakoak izan dira, BECeko azken kontzertuan erabili nahi dutelako? Beste susmo bat ere badute: J Martinakoei azkenaldian asko gustatzen zaie bertsioak egitea... eta auskalo.

Istorioan, estres handiko egunak izango dituzte: atxiloketak, bahiketak, heriotzaren bat... Hilaren 17an argituko da dena.

Iñigo Asensio esatari eta musikariak jokatzen du Unairen rola, eta Goiuri Ezeizak jartzen dio ahotsa Naiaren pertsonaiari —Bigarren kafea saioan aritzen da, Asensiorekin batera—. Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak jartzen dio ahotsa Lakarra komisarioari —hala egin zuen lehen denboraldian ere—. Hura da Ertzaintzaren ikerketaburua.

Korima Films ekoiztetxeak egin du podcasta, Naiz irratiarentzat. Tramaren sortzaileak Asensio eta Ezeiza dira, Irati Etxeberria, Imanol Gonzalez eta Eire Maiarekin batera. Asensio eta Ezeiza gidoian eta ekoizpenean ere aritu dira. Muntaketa, berriz, Imanol Gonzalez Gurrutxagak egin du. Musika Iñar Sastrerena da, eta audio postprodukzioa, Noisestudioarena.

'Enkantea' EITBn

Euskarazko beste fikziozko podcast bat sareratzen ari da egunotan EITB Podkast plataforma: Enkantea. Hodei Arrastoak eta Garazi Urkolak idatzitakoa da, eta bigarren postuan geratu zen EITB Mediak eta Tabakalerak abiatutako audiogile berrien deialdian. Zortzi ataletan banatuta dago —lehena baino ezin da entzun—. Sara Cozar, Tessa Andonegi, Loli Astoreka, Unai Arana, Aitziber Garmendia, Hodei Arrastoa, Garazi Urkola, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe eta Nahia Sillero aktoreek jarri diete ahotsa pertsonaiei. Misterio bat du ardatz podcastak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.