La1 'Touré detektibea' telesaila ematen hasiko da gaur

Telesailaren atal guztiak Primeran plataforman ikus daitezke, euskarara bikoiztuta. TVEk jatorrizko bertsioan emango du, gaztelaniaz.

Malcom Treviño-Sitte eta Itziar Ituño, 'Touré detektibea' telesailean. DAVID HERRANZ
Malcom Treviño-Sitte eta Itziar Ituño, 'Touré detektibea' telesailean. DAVID HERRANZ
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

RTVEren eta ETBren arteko koprodukzio bat da Touré detektibea telesaila —Jon Arretxeren euskarazko eleberrietako pertsonaia batean oinarritutakoa—. Fikzioa gaztelaniaz grabatu zuten, iaz, Bilbon eta Bizkaiko beste hainbat tokitan, eta euskarara bikoiztu gero. Primeran plataformak otsailaren 1ean estreinatu zuen telesaila —atal guztiak ikus daitezke doako plataforma horretan—. Ondoren, ETB1ek maiatzean ekin zion telesaila telebista konbentzionalean emateari. Orain, berriz, TVEk emango du, jatorrizko hizkuntzan: gaztelaniaz. Lehen atala gaur emitituko du La1k, 22:50ean. Ondotik, asteazken gauetan ematen jarraituko dute.

Malcom Treviño-Sitte aktoreak jokatzen du protagonistaren rola. Taldean dira, bestalde, Itziar Ituño, Unax Ugalde, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Lander Otaola, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreak. Fikzioaren aurkezpen bat egin berri dute Cadizen (Espainia), telesailen jaialdi batean. Han, zera esan du Ituñok: «Telesailak nazioartean arrakasta lortuko balu, oso ona litzateke, diskurtso diskriminatzaileei buelta emango litzaieke eta». Ituño Netflix plataformaren telesail batean ari da lanean orain: El cuco de cristal.

Telesailak Jon Arretxe idazlearen oniritzia du. Hain zuzen ere, bederatzi eleberri idatziak ditu Arretxek pertsonaia horrekin, eta litekeena da telesailaren denboraldi gehiago grabatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.