La1 izan da liderra irailean EAEn, eta Tele5 Nafarroan

ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan du irailean; ETB2k, %8,2koa; eta ETB3k, %0,2koa.

Aitor Frantzesena eta Carlos Broncano, 'La Revuelta' saioan. EFE
Aitor Frantzesena eta Carlos Broncano, 'La Revuelta' saioan. EFE
urtzi urkizu
2024ko urriaren 1a
13:00
Entzun

Udan futboleko Eurokopa eman zuen TVEk, eta Parisko Olinpiar Jokoak eskaini zituen gero. Horren eraginez, La1k sekulako ikusle datuak lortu zituen, eta erraz nagusitu zen Hego Euskal Herrian. Kirol ekitaldi handi horiek amaituta, irailean zer gertatuko zen jakin-mina bazegoen, eta La1 kateak oso datu onak bereganatzen jarraitu du. EAEn irailean gehien ikusi den katea izan da La1, alde handiz: %11,2ko kuota lortu du TVEko lehen kateak, bigarrena gelditu da Tele5 (%8,4), hirugarrena ETB2 (%8,2), eta laugarrena Antena3 (%8).

Nafarroan, bestalde, Tele5 izan da gehien ikusi den katea; bigarren tokian Antena3 gelditu da, eta hirugarrenean, La1. Duela gutxi arte, oso audimetro gutxi zeuden Nafarroan. Orain, ordea, 250 audimetro daude, eta emaitza batzuk plazaratu dituzte. EAEn, bestalde, 430 audimetro daude. Barlovento Comunicacion agentziako datuen arabera, Tele5 katea soilik erkidego batean gailendu da irailean: Nafarroan.

Denboraldi hasiera honetan, La1 kateko La Revuelta saioaren estreinaldiak hautsak harrotu ditu Hego Euskal Herrian eta Espainian. Irailaren 9an estreinatu zutenetik, David Broncanoren La Revuelta saioak ikusle gehiago izan ditu Hego Euskal Herrian Antena3 katean Pablo Motosek aurkezten duen El hormiguero saioak baino. Tele5 kateak Babylon show saioarekin egin zuen ahalegina ordu tarte horretan, baina porrot egin zuen: irailaren 11n kendu egin zuten, ikusle datu eskasak izan zituelako. Broncanoren programa datu bikainak lortzen ari da EAEn; gauero %20ko ikusle kuota gainditzen du, eta egunean gehien ikusten den emanaldia da. Motosen El hormiguero, berriz, %15etik behera gelditu ohi da. Nafarroan ere, La1ko saio berria erraz gailendu zitzaion lehen astean Antena3ekoari.

ETB1en datuak

ETB1 kateari dagokionez, irailean %2,2ko ikusle kuota lortu du, aurreko hilabetean baino hamarren bat gutxiago. 2023. urtean batez beste %2ko kuota izan zuen euskarazko kateak, eta, horrenbestez, apur bat ohikotik gora dabil.

Euskarazko katean Gora bihotzak saioa eman dute iraileko lehen asteetan, La1ko La Revuelta eta Antena3eko El hormiguero ematen zuten orduan —prime time-aren aurretik—. Aste honetatik aurrera, ordea, 21:20tik 22:20ra Mihiluze lehiaketa ikus daiteke euskarazko katean. Atzo, denboraldiko lehen atalak %1,8ko ikusle kuota lortu zuen. Edonola ere, ETB1en goizago hasten da access prime time-a eta prime time-a, ETB2n eta Espainiako kate nagusietan baino.

ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izan du irailean EAEn. Azkeneko urteetan %0,1 eta %0,2 artean dabil haurrentzako kanala. Aldatu Gidoia mugimenduak salatu du ETBren denboraldiaren aurkezpenetan ETB3ren aipamenik ez dutela egin, eta ez dutela apusturik egiten haurrak kate horretara erakartzeko.

ETB4 katearen programazioa ETB2ko saioen errepikapenez osatu ohi dute. %1,1eko ikusle kuota lortu du irailean.

Katalunian, katalanezko TV3 kate publikoak %13,6ko kuota izan du irailean. Galizian, galegozko TVGk %8,8ko kuota lortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.