La1 da 2024an Hego Euskal Herrian gehien ikusi den katea

EAEn, Tele5 izan da liderra bi hamarkada luzez, baina TVEko kateak hartu dio aurrea azkeneko urtean. ETB1ek %2,1eko ikusle kuota lortu du EAEn. ETB3k, berriz, %0,1ekoa.

Espainiako Kopako finaleko penaltiak. RAUL CARO / EFE
Espainiako Kopako finaleko penaltiak. RAUL CARO / EFE
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 2a
14:00
Entzun

Hego Euskal Herrian La1 kate publikoa izan da 2024. urtean gehien ikusi den telebista kanala, eta, hala, azkeneko bi hamarkadetako joera irauli da. Nafarroan, La1 gailendu izan da urte batzuetan, baina, Euskal Autonomia Erkidegoan, hogei urte baino gehiagoan Tele5 izan da gehien ikusitakoa urtez urte, harik eta 2024an La1k aurrea hartu dion arte. Hainbat faktorek eragin dute aldaketa hori: batetik, Tele5 kate pribatuak beheranzko joera nabarmena izan du azkeneko bi urteetan —Sálvame arratsaldetako saioa kendu zuten, besteak beste—. Bestetik, La1 kateak ikusle datu ikusgarriak lortu zituen iaz kirol emanaldi batzuekin: Parisko Olinpiar Jokoak, Alemaniako Eurokopa eta Espainiako Kopako finala.

Hain zuzen ere, Athleticek eta Mallorcak jokatu zuten Espainiako Kopako finala, eta ETB1ek eta La1k eman zuten. Euskarazko katean, penaltiek %13,9ko ikusle kuota lortu zuten, eta La1n, %69,1ekoa. Horrenbestez, orduan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan telebista ikusten ari zirenen %83k penaltiak ikusi zituzten, eta aurreko marka hautsi zen hala. Eurokopako finala Espainiak eta Ingalaterrak jokatu zuten, eta, EAEn, La1ko emankizunak %69,8ko kuota bereganatu zuen; ondorengo ospakizunak, %73,5ekoa.

Edonola ere, La1 ez da gailendu soilik kirol emanaldiei esker. Irailaren hasieratik abenduaren amaiera arte, David Broncanok aurkezten duen La revuelta saioak sekulako ikusle datuak lortu ditu gauero Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan programa hori liderra da gauero, eta %20ko ikusle kuota gainditzen du gehienetan. Erraz gainditzen ditu beste kateetako saioak.

ETB1ek, %2,1eko kuota

Euskarazko ETB1 kateari dagokionez, 2024. urtean %2,1eko kuota izan du EAEn batez beste, aurreko urtean baino hamarren bat gehiago. Pilota eta futbol emanaldi batzuek arrakasta handia izan dute ETB1en; esaterako, Lau eta Erdiko Txapelketako finalak ikusmin handia piztu zuen: Nafarroan %36,7ko ikusle kuota lortu zuen partidak —euskaldunen artean, %63koa—. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, %19,8ko kuota izan zuen —euskaldunen artean, %25,8koa—. Guztira 236.000 herritarrek bat egin zuten zuzeneko telebista emanaldi harekin azaroaren 24an. Estropadek ere ikusle datu oso onak izan zituzten udan.

Unai Laso eta Peio Etxeberria lau eta erdiko finalean.
Unai Laso eta Peio Etxeberria lau eta erdiko finalean, azaroaren 24an. LUIS TEJIDO / EFE

ETB2 kateak %8,6ko ikusle kuota izan du EAEn joan den urtean, eta Teleberri albistegiak, berriz, %20koa. 2023ko datuen antzekoak dira.

Haurrentzako ETB3 katearen datua aipatzeko modukoa da: %0,1eko ikusle kuota —aurreko bi urteetan, %0,2koa izan zuen—. Aintzat hartu behar da iazko apirilean haurrentzako Makusi plataforma abiarazi zuela EITBk.

ETB4 kateak, bestalde, %0,9ko ikusle kuota izan du, azken bi urteetan baino hamarren bat gehiago.

Katalunian, TV3 katalanezko katea izan da liderra, %13,7ko kuotarekin. SX3 haurrentzako kanalak %0,7ko kuota lortu du. Galiziako TVGk ia bi puntu eta erdi egin du beherantz —langileak protestan dira urritik—.

Gabon zaharreko kanpaikaden emanaldiari dagokionez, Euskal Telebistak batera eman du bere lehen bi kateetako datua: %16,1eko kuota; 343.000 herritarrek bat egin zuten Gasteizko zuzeneko emankizunarekin. Horren ostean, ETB1ek Biba 2025! saioa eman zuen, eta %11,8ko kuota lortu zuen euskaldunen artean. 2025eko lehen egunean, 153.000 herritarrek ikusi zuten tarteren batean esku pilotako binakako lehia ETB1en.

Telebista kontsumoa

Azkeneko urteetan, telebista tradizionalaren kontsumoak beherantz egin du. Aldiz, gora egin dute telebista aparailuaren bestelako erabilerek; telebistak Internetera konektatuak egoteak ekarri du joera hori. Bestalde, Barlovento agentziaren datuek erakusten dute Nafarroan herritarrek denbora gutxiago pasatzen dutela telebistaren aurrean, EAEn baino: Nafarroako herritar bakoitzak egunean hiru ordu pasatzen ditu telebistaren aurrean —telebista tradizionalaren kontsumoari beste erabilera batzuk gehituta—, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritar bakoitzak, hiru ordu eta erdi. Herritarrek sakelako telefonoari eta beste pantaila batzuei begira pasatzen dituzten orduak ere ez dira gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.