Komunikazioa

'La noche de...' saioaren 1.000.a ospatuko dute datorren astean

Asteartean, asteazkenean eta ostegunean saio bereziak eskainiko ditu Felix Linaresek

Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bram Stoker's Dracula filmaren aurkezpen gisa hasi zen dena, 1995ko irailean. Ordutik, hemeretzi urte igaro dira, eta Felix Linaresek aurkeztutako La noche de...saioak bere nortasuna nabarmentzea lortu du; filmen aurkezpen soila izateari utzi zion aspaldi. 1.000 saio beteko ditu datorren asteartean, hilaren 22an. Ospatzeko saio bereziak emango dituzte asteartean bertan, asteazkenean eta ostegunean.

2012 filmarekin ospatuko dute 1000.a asteartean. Munduaren akaberari buruzko profezia kontatzen du filmak, eta gai horien inguruan arituko dira aurretik. Bestalde, John Cusack filmeko pertsonaia nagusiaren bizitza pertsonala izango dute hizpide. Asteazkenean, berriz, La noche de...-ren momenturik onenak bilduko dituzte, eta eginiko akatsak kontatu. Azkenik, 8 apellidos vascos filmari eskainiko diote osteguneko saioa. Harrera oso ona izan du Emilio Martinez-Lazaro zuzendariaren filmak, eta zinema aretoak lepo bete dira. Aktoreen, gidoilarien zein zuzendariaren ibilbide profesionala aztertuko dute.

«Gogo biziz lan egitearen emaitza da horrenbeste urte irautea», azaldu du Felix Linares saioaren aurkezleak. «Saiorako lan egiten dugun guztiek maite dugu zinema, eta horrek badu eragina lanean». Urte horietan guztietan, hutsik ez dute egin aurkezleak eta haren lantaldeak, eta asteartero zinemari buruzko istorio dibertigarriak, datu harrigarriak eta bitxikeriak kontatu dituzte.

Parte hartzea ardatz

Emaitza txukunak lortu ditu zinema oinarri duen saioak; aurten, %10,4ko batez besteko ikusle-kuota. Ikus-entzuleen parte hartzea sustatzea da horiek saiora lotzeko bidea. «Jendea partaide sentitze denean pozik dago; batez ere, haren galderei eta kezkei erantzuten bazaie». Horrek badu, ordea, bere alde txarra ere, batzuetan ezin baitituzte sartu jendeak bidalitako filmen huts guztiak. «Batzuk oso-oso zailak dira ikusteko, eta ezin ditugu sartu, gaizki ikusten direlako telebistan. Kexatu egiten zaizkigu ikus-entzuleak horregatik».

Jakitun da Linares, halere, teleikusleen parte hartzerik gabe ezingo litzatekeela La noche de... ulertu. «Ezingo lirateke Los vascos conquistan Hollywood eta La línea caliente atalak egin, ezta filmen hutsegiteak azaldu ere». Saioaren jarraitzaileak baitira hutsegiteak bilatzen dituztenak. «Gu oso txarrak gara horretan. Uste dut zinema beste begirada batekin ikusten duen belaunaldia sortu dugula. Hutsegiteak harrapatzeko ikusten dituzte filmak».

Jarraitzaile horiek saritzeko, 1.000 zinema sarrera zozkatuko dituzte. Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko zinema aretoetan erabili ahal izango dira sarrera horiek. Zozketan parte hartzeko, eitb.com atarian galdera bat erantzun beharko da apirilaren 28rako. Zozketaren emaitzak biharamunean emango dituzte atarian.

Linaresen dioenez, aktoreak dira ikus-entzuleen arretarik handiena erakartzen dutenak. «Horren gertuko jendea bilakatu dira eurentzat, zeren horiei buruz hitz egitea nahi dute». Ikus-entzuleen kopurua «ikaragarri» aldatzen da saioa eskainitako aktorearen arabera. «Aktore eta zuzendari guztiak ezagutuko bagenitu bezala aritzen gara. Ikus-entzuleak eskertzen du gertutasun puntu hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.