Kurdistan Hala Bediko leihoan

Kurdistango gatazkaren egoera salatzeko programa bat abiatu dute Hala Bedi irrati librean. 'Kurdistan uhinetan' da irratsaioaren izena, eta larunbat arratsaldean ematen dute.

Hirune Tobajas eta Ilazki Zabaleta, Kurdistan uhinetan irratsaioko esatarietako bi. BERRIA.
iraia vieira gil
Gasteiz
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Kurdistango gatazkari ikusgaitasuna emateko, Kurdistan uhinetan irratsaioa estreinatu du udazken honetan Hala Bedi Gasteizko irrati libreak. Kurduenganako elkartasun sentimendua zabaltzea eta gatazkaren nondik norakoak jendeari helaraztea da programaren helburua. Larunbatero ematen dute, 16:00etatik 17:00etara, eta euskara eta gaztelania tartekatzen dituzte.

Bost esatarik osatzen dute irratsaioko taldea, eta gehienek aurretik ezagutzen zuten elkar. «Kurdistango mugimenduaren elkartasunaren aldeko plataforma batetik gatoz», azaldu du Hirune Tobajas saioko esatariak. «Gutxi ginenez, irratsaio bat egitea erabaki genuen. Kurduei ahotsa emateko, batez ere».

Bi atal eman dituzte, oraingoz: gatazkaren inguruko azalpen orokorrak eman dituzte lehenengoan, eta mugimenduko kide bati elkarrizketa egin diote bigarrenean. «Beste bat ere grabatuta daukagu», aurreratu du Ilazki Zabaleta esatariak. «Emakumezko kide bat elkarrizketatu genuen, emakumearen zientziaren inguruan». Emakumearen askapena oinarrizkoa baita kurduen aldarrikapenen artean.

Kurdistan, zergatik?

Duela 40 urte hasi zen, gutxi gorabehera, Kurdistango gatazka, baina, Zabaletak azaldu duenez, «ez da kasu bakana». Palestinaaipatu du adibidetzat. Zergatik eman, orduan, Kurdistani garrantzi berezia? «Azkenaldian, gutxinaka, Europara iristen ari delako gatazka hori», azaldu du Tobajasek. «Milioi bat kurdu bizi dira erbestean». Alemanian daude errefuxiatu kurdu gehienak, baina gertuko kasuren bat ere badago. «Hemen, Euskal Herrian, errefuxiatu bat dago. Bizkaian bizi da».

Gerrak uxatuta egiten dute ihes, baina bestelako arrazoiak ere badituzte. «Gosete arazoak, batik bat». Kurdu gehienak mendietan bizi dira, eta mendietan dituzte Turkiaren erasoei aurre egiteko gerrillak. «Mendi horietako landareak eta lurzorua hiltzendituzten arma kimikoak erabiltzen ditu Turkiak», salatu du Zabaletak. Bizirik irauteko aukerak, beraz, askoz ere gutxiago dira. «Eta, hori gutxi balitz bezala, uraren gerra hasi du Turkiak», adierazi du Tobajasek: «Ura desbideratu, eta urtegiak eraikitzen dituzte turkiarrek. Jatekorik ez dute, eta edateko urik ere ez».

Eraso horien harira, Europako erakunderik boteretsuenek isiltasunaren alde egiten dute. Tobajasen arabera, konfederalismo demokratikoan dago gakoa. «Etnia pila bat bizi dira han, eta kurduen artean ere, kultura asko daude. Etnia guztiek berdintasunean bizitzeko aukera izatea nahi dute kurduek».

Etorkizunari begira

Kurdistango herrialderako pentsatuta dagoen sistema izan arren, mundu osora zabaldu daitezkeen ideiak dituela adierazi du saioko esatariak. «Kapitalismoaren eta mundu zabaleko potentzien aurkako erakustaldi bat da kurduen autogobernantza modu hori. Kolokan jartzen du gure bizimodua. Horregatik, ez dute halakorik nahi».

Kurdistango gatazkak, baina, luzerako emango du. 2023an, hain zuzen, herriaren etorkizuna baldintzatuko duten bi gertakari izango dira. Batetik, Turkiako mugak zehazteko egindako Lausanako Hitzarmenaren mendeurrena da; bestetik, hauteskundeak izango dituzte Turkian.

«Turkia krisi ekonomiko larri batean murgilduta dago», azaldu du Zabaletak. Egoerari buelta emateko, kurduen aurkako kanpaina bat abiarazi nahi du Turkiako presidenteak, eta haien aurkako garaipena lortu. «Kurduak terroristak dira harentzat, eta terroristei eraso egin behar zaie». Estrategia martxan jarri dute. Turkiak lurreko artilleria eta borrokarako hegazkinak bidali ditu kurduen lurraldeei eraso egitera. Azaroaren 20an izan ziren lehenengo erasoak, eta, ordutik, ez da etenik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.