Kulturize, Buber sariduna

Euskal webgune eta proiektu onenak saritu dituzte Buber sarietan. Kulturize Androiderako aplikazioa gailendu da euskarazko proiektu teknologikoen atalean.

EITBren Bilboko egoitzan egin dute Buber sarien bederatzigarren ekitaldia. JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskal webgune eta proiektu teknologikorik onenak saritu zituzten atzo Buber sarietan. EITBren Bilboko egoitzan egin zuten ekitaldia, eta finalera ailegatutako webguneen ordezkariak izan ziren bertan. Hamar kategoriatan banaturiko hiruna finalistaren artean erabaki zuen epaimahaiak zein proiektu saritu.

Kulturize aplikazioak jaso zuen euskarazko proiektu teknologiko onenaren saria. Euskal Herriko kultur ekitaldi guztiak agenda bakarrean bateratzen ditu aplikazio saridunak. Inguruko ekitaldi guztien berri eduki dezake erabiltzaileak sakelakoan, doan. Banden Lehia 2011 eta Mundu Magikoa proiektuei gailendu zitzaien finalean.

Herritarrei zerbitzurik onena eskaintzen dion webgunearen saria, berriz, www.justizia.net webguneak jaso zuen. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko justizia administrazioko atari publikoak herritarren eta Justizia Sailaren arteko zubi lana egiten du.

Software libreko sareko aplikazio edo webgune atalean www.librezale.org webguneak irabazi zuen lehia. www.sustatu.com eta www.nosolounix.com webguneei aurrea hartu zien finalean. Euskara informatikaren munduan bultzatzea du xede Librezalek. Horretarako, aplikazio informatikoak euskaraz sortzen eta euskaratzen lan egiten du, eta webgunean jartzen ditu eskuragarri.

Urtero banatzen dituzte Buber sariak. Euskal Herriko enpresa zein pertsona pribatuek parte har dezakete sariotan. Euskal diasporak sortutako webguneak ere kontuan har ditzakete, baldin eta Euskal Herriari estuki loturiko gaiak jorratu badituzte.

Guztira 200 webgune inguru aurkeztu dira sarietara. Interneteko erabiltzaileek egin dute lehen galbahea, eta kategoria bakoitzean boto gehien jaso duten bost webguneek igaro dute lehen fasea. Internet alorreko hamar epaimahaikideek erabaki dute ondoren nortzuk igaro finalera. Azkenik, epaimahaikideek hiru finalistaren artean aukeratu dituzte saridunak.

Egindako esfortzuaren tamaina, diseinuaren kalitatea, edukien aberastasuna, publikoari ematen dion zerbitzua eta erabilerraztasuna izan dira epaimahaiak kontuan hartutako aldagaiak proiektuak ebaluatzeko.

Buber sariak banatzen dituzten bederatzigarren aldia da. Blas Pedro Urberuagaren Interneteko ezizena da Buber. AEBetara joandako artzain batzuen semea da, eta hark sortu zuen Euskal Herriari buruzko lehen webgunea, 1994an, 23 urte zituela. Urte luzez Euskal Herriaren ikur izan da www.buber.net sarean, euskal kulturaren gaineko informazioa ematen zuen erreferentzia nagusia.

Bilblogari sariak

Buber sariak ez dira izan Interneteko alorrean Bilbon egindako aitorpen bakarra; Bilboko Udalak eta www.nontzeberri.com webguneak euskaraz idatziriko blog onenak saritu dituzte.

Blog tematiko onenaren saria Asier Gabikagojeazkoak jaso du, Txerra Rodriguezekin batera. Gabikagojeazkoak Asian igarotako abenturak kontatzen ditu Asiaren Nondik Norakoak blogean. www.berria.info webgunean irakur daiteke bloga. Rodriguezek, berriz, Garaigoikoa, Hizkuntzaren soziologia, soziolinguistika eta beste bloga argitaratzen du. Halaber, Irune Jimenezen Nonhahi eta Gontzal Zapatel eta Iker Etxarriren Drogak eta EH Soundz blogak ere saritu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.