Naroa Iturri eta Ekhiñe Atorrasagasti: «Kulturalki joera dago balioa gizonek aurkeztutako saioei emateko»

2019ko urriaren 16an estreinatu zuen Hamaikak 'Kolpez kolpe'. Urtarrilean indarberrituta itzuli da saioa, eta denboraldiak askorako emango duela diote Iturrik eta Atorrasagastik.

Naroa Iturri eta Ekhine Atorrasagasti, Donostian, urtarrilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Naroa Iturri eta Ekhine Atorrasagasti, Donostian, urtarrilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Telebistatik at, badituzte bestelako lanak Naroa Iturrik (Hernani, Gipuzkoa, 1976) eta Ekhiñe Atorrasagastik (Belauntza, Gipuzkoa, 1982). Ostiraletan elkartzen dira Hamaikaren Kolpez kolpe grabatzeko. Saioko aurkezlea da lehena, eta zuzendaria, bigarrena. Haien arteko konplizitatea eta ahizpatasuna agerikoa da.

Zer moduz doa Kolpez kolpe saioaren itzulera?

EKHIÑE ATORRASAGASTI: Gogoz geunden berriro hasteko. Berriz ere erritmo bizia hartzeko grinaz gaude.

NAROA ITURRI: Irailean edo urrian hasi beharrean, aurten urtarrilean hasi gara [Eguberrietako saioak aparte]. Aurreko hilabeteetan jende askok esaten zigun: «Noiz hasiko zarete? Saioaren falta sumatzen dugu». Ahoz ahoko feedbacka badaukagu, eta pozgarria da hori. Jendeak saioa ikusten du. Horrek bultzadaberezi bat ematen dizu gogotsu hasteko.

Formatuari eutsi egin diozue, ezta?

ATORRASAGASTI: Gu telebista saio bat gara, jaiotzez. Euskaraz eta emakumeek ekoitzitako saio bat izan da Kolpez kolpe, jaiotzez, eta hala izango da aurrerantzean ere. Horrek ez du esan nahi Interneteko sare sozialetan izan dezakeen bilakaera garatu ezin dugunik. Hor badugu erronka, eta pixkanaka hortik ere joango gara. Baina telebista ezin dugu galdu: euskal audientziak telebista zerbitzua izan behar du, eta ez dugu begi bistatik kendu nahi. Gure alea jarri nahi dugu. Garrantzitsua da emakumeok telebistan gure tokia defendatzea. Sareetan ekoizpen asko daude, eta onak, baina horrek ez du ordezkatzen telebistan dagokigun tokia eta erabakitzeko maila.

2025. urtea da. Inguruko telebista kateetan, zuenaren antzeko saioen aurkezle gehienak gizonezkoak dira.

ITURRI: Hori ohikoa da, ez da kontu berria. Ia enpresa guztietan, buruak gizonezkoak dira; eta gero, bigarren mailan, emakumeak daude. Guk ikuspegi feminista duen saio bat egin nahi dugu, baina ez da feminista gu feministak garelako bakarrik, baizik eta emakumeek sortu, pentsatu, aurkeztu eta editatutako saioa delako.

Naroa Iturri eta Ekhine Atorrasagasti, Hamaika telebistan Kolpez kolpe saioa aurkezten dute
Ekhine Atorrasagastik eta Naroa Iturrik 'Kolpez kolpe' saioa aurkezten dute Hamaikan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iazko udaberrian, ETB1ek 11 entzuteko saioa estreinatu zuen. Ez al du Hamaikako beste saioren baten antza?

[Barrez].

ATORRASAGASTI: Gehitu horri platoko kolorea, kolaboratzaile batzuk... kointzidentziak badaude. Baina bizitzaren gordintasuna ikuspegi azido batekin lantzera ohituta gaude gu, eta bizirik irauteko ariketa interesgarria da hori. Horregatik, zenbaitetan emakumeak gehiago zigortzen gaituzte umorea eta azidotasuna erabiltzeagatik. ETB1en saio horrena bitxia da, eta jende gehiagok ere esan digu... Baina horrek ageriagoan uzten du aktualitateko saio azidoetan ari garen batzuek baliabide mugatuak ditugula oraindik, eta, aldiz, beste batzuek erraztasun handiagoak dituztela.

ITURRI: Baina zerbaitetan kopiatu bagaituzte, bejondeiela. Ondo gabiltzan seinale.

EITBko zuzendaritzan denboraldi honetan asko begiratu diote TVEren La revuelta saioari. Haiek ere hala aitortu dute. David Broncanoren saiotik bada zerbait ikasteko?

ITURRI: Aitortu behar dugu Movistar Plusen La resistencia zenean asko ikusten genuela, eta ideia batzuk hartu genituela. Kolpez kolpe-ren lehen platoa egiterakoan asko oinarritu ginen La resistencia-n. Saioa Euskal Herriko ikuspegitik eta emakumeen ikuspegitik sortu genuen, eta, gero, estetika ere egokitzen joan gara. Telebistan esaten da dena asmatua dagoela...

Broncanok ere hartu du beste herrialde batzuetatik.

ITURRI: Bai, noski.

ATORRASAGASTI: AEBetan badira hamarkada batzuk Internet bidezko telebistetan gaueko saioak dituztela. Badaude sektore aurrerakoien saioak. Katalunian ere badaude saio umoretsuen eredu interesgarriak. Frantzian ere badira eduki interesgarriak. Gero eta saio gehiago daude emakumeek egindakoak, baina asko bideopodcast formatukoak izaten dira. Zineman hormigoizko sabaia bat dago emakumeentzat, eta telebistan ez dadila hori gertatu.

Naroa Iturri eta Ekhine Atorrasagasti, Hamaika telebistan Kolpez kolpe saioa aurkezten dute
Naroa Iturri eta Ekhine Atorrasagasti, Donostian, urtarrilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hasieran baino jende gehiagok ikusten al du gaur egun Kolpez kolpe saioa?

ITURRI: Jendeak ezagutzen du produktua. Sarri esaten digute barre egiten dutela gurekin. Bitxia egiten zait target-aren desberdintasuna; horrek pentsarazten digu adin tarte desberdinetako ikusleentzat interesgarriak izan daitezkeela lantzen ditugun gaiak. Hau ere esaten digute: «Zein ondo pasatzen duzuen platoan; eta hori etxean islatzen da». Barre egin dezakegu, gai trinkoak jorratu ditzakegu, haserretu gintezke —ez gure artean— eta abar, eta horrek badu bere garrantzia.

ATORRASAGASTI: Kontuan izan behar da emakumeek ekoitzitako saioek beti dituztela ikusle datu txikiagoak, bai baliabide kontuengatik, bai hedapen kontuengatik. Kulturalki joera dago balioa gizonezkoek aurkeztutako saioei emateko, eta beti dute balorazio hobea. Sareetan ere horixe gertatzen da.

Aurreko denboraldiaren amaiera jendaurrean egin zenuten, Donostiako Bukowsky tabernan. Aurten egingo al duzue halakorik?

ATORRASAGASTI: Oraintxe hasi dugu denboraldia. Ekaina bitarte, 23 atal dauzkagu aurretik. Aurrekoan, aurkezle batek esan zidan haren ustez «askatasunez» lan egiten genuela, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Denboraldi interesgarria datorkigu, eta ospatuko dugu zerbait.

ITURRI: Bukowsky tabernako esperientzia zoragarria izan zen. Pilo bat gozatu genuen.

ATORRASAGASTI: Telebistako animaliak gara, eta zuzeneko saioekin gozatu egiten dugu. Bukowskyn publikoarekin izan genuen harremana ederra izan zen. Dena dela, denboraldi honetan nahi dugu Kolpez kolpe ez izatea soilik asteburuko saioa, eta kosmos propioa elikatzen joatea.

ITURRI: Azken finean, Kolpez kolpe-ren komunitatea sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.