Maider Sagredorekin batera, Sorginlore sortu zuen Assumpta Aierdik (Donostia, 1972). 2018. urtetik, aholkularitza, formakuntza eta dinamizazioa eskaintzen dute metodologia praktikoen bidez. Nortasuna Sarean jardunaldian parte hartuko du bihar Donostiako San Telmo museoan (18:30). Komunikazio parekidearen miopiak aztertuko dituzte hizlariek.
Azkeneko urteetan aldaketarik ikusi al duzu komunikazio alorrean genero ikuspegitik?
Bai, aurrerapausoak izan dira. Kontzientzia gero eta handiagoa da. Hiztegi ez-sexista erabiltzen saiatzen da jendea, eta formakuntza ere ari dira jasotzen komunikazio arloko profesionalak.
Bidea dago egiteko oraindik, ordea, ezta?
Hala da. Eguneroko bizimoduan, txantxetan ikusten da, adibidez. Halaber, batzuen aldetik erresistentzia dago. «Beste lehentasun batzuk daude» edo «zer astuna!» moduko iruzkinak entzuten ditugu.
Nortasuna Sarean jardunaldia iragartzeko bideoan labur esan duzu batzuk ez direla eroso sentitzen betaurreko moreak jartzen.
Pertsona batzuek uste dute jada badauzkatela betaurreko moreak, eta ikusten dute beren burua zalantzan jartzen dela.
Bide eraldatzaileak helmugan esaldia ageri da Sorginloreren webgunean. Zein dira bide eraldatzaile horiek?
Iruditzen zaigu kultura parte-hartzaileak direla bide eraldatzaileak. Sakonean aztertuz gero zer ahots aintzat hartzen diren, zer bizitza, zer gorputz, eta, denei tokia ematen asmatzen badugu, hori bada bide eraldatzaile bat. Pausoka goaz eraldatzen, egoerara egokituta, pertsonei egokituta. Eta autokritikoak izan behar dugu desberdinkerien aurrean.
Zer ezaugarri izaten dituzte zuen formakuntzek?
Aniztasuna eta generoa lantzen ditugu. Oso egokituak daude talde edo erakunde bakoitzaren errealitatera, eta herri hezkuntzan eta pedagogia feministan oinarritzen gara. Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketa egiteko.
Hezkuntza sistemari dagokionez, betaurreko moreak falta al dira?
Gu orain hezkidetza biltzarra ari gara prestatzen, ekainerako. Erronka handia dago hezkuntzan. Agerikoa da zein erreferentzia dauden gidaliburuetan, ariketetan, jolasetan, eta nola pentsatzen diren rolak. Horrez gain, ez da gauza bera emakume zuri aberats bat edo andre arrazializatu bat... Desberdintasun horiek ikusten dira eskolan.
Ikasleak ez dira askotan okerrenak, ezta?
Gogorrak gara horrekin, baina haiek aniztasuna zuzenean ari dira bizitzen, eta normaltasun gehiagorekin bizi dute. Helduok gara sarri zama dugunak.
Sakelako telefonoari lotuta bizi dira gaztetxo asko. Zer gomendatuko zenuke sare sozialen erabilerari dagokionez?
Gazteek erabiliko duten komunikazio kanal bat da, eta kontua da nola hezi pentsamendu kritikoarekin, erabilera funtzionala eta kritikoa egin dezaten. Ez nieke esango tresna etsaia dela, ez baitugu ezer lortuko. Edonola ere, kultura matxista daukagu, eta hori islatu egiten da sare sozialetan: helduon Whatsappetan ere bai.
Emakumeen indarra izeneko kaiera eman duzue argitara. Zer garrantzi du emakume desberdinen lekukotzak jasotzeak eta zabaltzeak?
Erabatekoa. Donostian eta Hernanin [Gipuzkoa] egin genuen lan hori. Intentsoa eta hunkigarria izan zen. Hainbat emakume taldetako kideekin haien indarraz hausnartu genuen. Indar hitzaz ere mintzatu ginen, indarkeriarekin lotzen baita askotan. Jatorri, bizipen eta egoera oso desberdinetako andreen ahotsak entzutea funtsezkoa da gure begirada zabaltzeko.
Gizarte parekide bat lortzeko, pauso asko behar dira?
Plano desberdinetan egin behar da lan: legea, hezkuntza, politikak, berdintasun planak... Guk bizikidetza planetan aniztasuna eta berdintasuna uztartzen ditugu. Plano sinbolikoan eta kulturalean ere eragin ahal da, nahiz eta ez den erraza.
ATZEKOZ AURRERA. Assumpta Aierdi. Ekintzaile soziala
«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»
Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu