'Kronika' 25. urteurrena ospatzen hasiko da bihar

Mahai inguru bat egingo dute Hernaniko Biteri kultur etxean, 18:30ean. Horrekin batera, '25 urte kaleko berri ematen' erakusketa zabalduko dute.

'Kronika'-ren sorrerako lehen erredakzioa, Hernanin. KRONIKA
'Kronika'-ren lehen erredakzioa, Hernanin. KRONIKA
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 23an beteko dira 25 urte Kronika euskal egunkaria argitaratzen hasi zirenetik. Hernanin (Gipuzkoa) sortu zuten euskarazko tokiko komunikabide hori, eta, gaur egun, herri horretako albisteak emateaz gain, Astigarragako (Gipuzkoa), Ereñotzuko (Hernani), eta Arano eta Goizuetako (Nafarroa) gertakizunen berri ere ematen du. 25. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: lehen biak bihar bertan egingo dituzte.

Aritz Zerainek, Eñaut Agirrek eta Leire Goñik Kronika-ren 25 urteen errepasoa egingo dute bihar mahai inguru batean. Hernaniko Biteri kultur etxeko areto nagusian izango da, 18:30ean. Hiru solaskideetako bakoitzak etapa batean egin zuen lan Kronika-n, eta, beraz, ikuspegi zabala bilduko dute solasaldian.

Hitzaldia amaitzen denean, 19:30 inguruan, 25 urte kaleko berri ematen erakusketa inauguratuko dute Biterin bertan —martxoaren 7ra arte izango da ikusgai—. Erakusketa horretan, hasierako urteetako argazki zaharrak eta egunkaritik pasatu diren lantaldeen argazkiak ikusi ahalko dira. Ibilbide kronologiko bat egingo dute, azalen, argazkien eta azalpenen bitartez. Abenduaren 28an, hau da, Inozente egunean argitaratutako aleak ere izango dira ikusgai.

Apirilaren 4an, bestalde, Kronika-ri buruzko bertso saio bat egingo dute Astigarragako Erribera kulturgunean. Bertsolariak Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu eta Andoni Rekondo izango dira. Aritz Zerain arituko da gai jartzaile.

Sanjoanak iritsi arteko asteetan, izango dira urteurreneko ekitaldi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.