Aktorea

Nagore Aranburu: «Kristoren poza dut 'Hondar ahoak'-eko pertsonaiarekin jarraituko dudalako»

Movistar Pluseko 'Querer' telesailean protagonistaren rola jokatu du Aranburuk, Alauda Ruiz de Azuaren esanetara. Bestalde, ziurtatu du 'Hondar ahoak'-en sekuelan arituko dela.

Nagore Aranburu aktorea, Donostian. JON URBE / FOKU
Nagore Aranburu aktorea, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Urteak daramatza Nagore Aranburuk Donostiako bere arropa dendan lanean (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976). Gidoilari aritu zen urte luzez, baina egun erosoago dago aktore gisa, «beste batzuen ikuspegiari azala jartzen». Gustuko proiektuak ditu azkenaldian esku artean.

Senarrak behin eta berriz bortxatu duela salatzen duen emakume baten istorioa kontatzen du Querer telesailak. Nola heldu diozu pertsonaiari?

Lehenik, gidoia irakurriz, istorioa irakurriz. Alauda Ruiz de Azua zinemagileak istorioa oso-oso landua zuen. Dokumentazio lan asko egiten du, eta iturri asko eman zizkidan: hainbat lekukotza. Harekin asko hitz egin nuen, eta neure lanketa propioa ere egin nuen.

Drama gogorra al da telesaila?

Oraindik ez dut ezer ikusi amaituta. Telesailean gatazka handia dago, drama baino gehiago. Familia baten egoera kontatzen du, emakume protagonistak salaketa jartzen duen egunetik. Pertsonaiek erreakzionatu egin behar dute. Ikuspegi asko daude istorioan, eta oso interesgarria da.

Nolako esperientzia izan da Alauda Ruiz de Azua zinemagilearekin lan egitea?

Ikaragarria. Oso-oso gustura aritu naiz harekin lanean. Oso langilea da, eta pasio handiz hartzen ditu istorioak. Querer-en kontatzen zuen istorioarekin sekulako inplikazioa zuen. Orain arte ez nuen ikusia lanerako halako gaitasunik. Halako kapitain batekin, gure lana asko errazten da. Pertsonaien gatazketan oinarritzen ditu bere lanak. Opari bat da hori aktoreontzat, eremu handia eskaintzen baitigu. Oso babestuta sentitu naiz harekin.

Bikote barruko bortxaketaren gaia. Inguruan ez da fikzio lan askorik egin horren inguruan, ezta?

Esango nuke ideiaz hitz egin zidaten arte ez neukala ikusita fikziorik gai horri buruz. Gai berria da, berria denontzat. Askotan ez nekien zer iritzi nuen egiten ari ginen gauzen inguruan. Onespenaren gaia mahai gainean dugu egun; indarkeria fisikorik gabeko sexu biolentziaz ez da asko hitz egiten. Desioa, desiorik eza. Gaiak galdera asko egiteko balio du, eta oso indartsua da hausnartzeko.

Bizkaian grabatu zenuten telesaila. Bizkaian grabaketa asko egiten ari dira azkenaldian, baina euskaraz gutxi.

Bai. Ekoizpenak ikaragarri ugaritu dira, eta lehen baino lan gehiago daude. Eta euskarazkoak ere hasiko direla iruditzen zait. Baina egia da Bilbon grabatu diren gehienak Espainiatik datozela, eta gaztelaniaz daudela.

Nagore Aranburu aktorea 'Querer' telesailaren grabaketan.
Nagore Aranburu aktorea Querer telesailaren grabaketan, Bilbon. MOVISTAR PLUS
Euskaraz Zeru ahoak iritsiko da, Hondar ahoak-en sekuela. Aukera izango duzu Nerea Garcia poliziaren rola berriro jokatzeko. Zer pizten dizu horrek?

Kristoren poza eman dit. Pertsonaia kutuna da niretzat. Oso gustura egin nuen pertsonaia horrena 2020an, eta, esan zidatenean beste bizialdi bat izango zuela eta beste toki batzuetan ikusiko genuela, sekulako poza hartu nuen. Gustura hartuko dut lan hori.

Ondarroatik beste toki batzuetara joango da Garcia?

Ez daukat ideiarik.

Telesailak kritika onak izan zituen plazaratu zenean. Pizgarria al da hori lanean jarraitzeko?

Oso gustura aritu nintzen Hondar ahoak-en lanean, eta asko gustatu zitzaidan emaitza. Atzean dagoen lantaldea, horixe da pizgarria niretzat. Koldo Almandoz zuzendaria eta Txintxua Films ekoiztetxea hor egoteak balio handia du niretzat. Talde teknikoko profesionalak ere oso onak dira, esperientzia handikoak. Almandozek hartzen dituen arriskuak, bestalde, asko gustatzen zaizkit.

Cristobal Balenciaga telesailean rol txiki bat jokatu zenuen. Harrera oso ona izan du nazioartean.

Polita izan zen hartan parte hartzea. Batetik, Moriartiko taldea ezagutzen dudalako, Loreak filmetik. Ederra da ikustea noraino iristen ari diren, eta haiekin aritzea etxera itzultzearen parekoa da.

Holobiontea audio fikzioan ere aritu zara. Nolakoa da interpretazio lan guztia ahotsarekin egitea?

Hasiberria naiz horretan. Jende oso ona dago audioaren munduan. Lan polita iruditu zait, baina ikasi beharrekoa. Ez da hainbeste ekoizpen behar holobionte bat egiteko; hau da, erraz asma dezakezu munstro handi bat. Gainera, asma dezakezu Egipton edo beste nonbait zaudela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.