Korrikaren 'Uhinak'

ETB1ek 22. Korrikaren dokumentala emango du gaur, 23:30ean. Txakur Gorriak zuzendu du

Uhinak dokumentalaren fotograma bat. ETBk gaur emango du, eta bihartik aurrera sarean izango da ikusgai. ETB.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Hitzei eta ekiteari heldu die 22. Korrikako dokumentalak, HitzEkin leloari jarraituz. Txakur Gorria sormen taldeak zuzendu du Uhinak izeneko ikus-entzunezko lana, eta ETB1ek gaur emango du, 23:30ean. EITBren Nahieran zerbitzuan ikusi ahalko da gero, baita AEKren Youtubeko kanalean ere bihartik aurrera. Dokumentalean, Euskal Herriko bederatzi ahots entzungo dira, bederatzi paisaia ikusi, euskarari lotutako bederatzi errealitate ezagutu.

[YouTube]https://youtu.be/nc0PN6zeVg8[/YouTube]

Dokumentaleko bederatzi protagonistak honako hauek dira: Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga, Baztan, Nafarroa), Monica Fernandez Cuesta (Cintruenigo, Nafarroa), Haria Aizpurua Ibarra (Sara, Lapurdi), Miryam Quintana Urrea (Kanpezu, Araba), Itxaso Borda de Vallejo Carbajo (Maeztu, Araba), Joxe Landa Odriozola (Itziar, Deba, Gipuzkoa), Suhar Anzorandia Peritz eta Etxahun Anakabe Tapia (Barakaldo, Bizkaia) eta Marie-Agnes Gorostiaga Salaberri (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea).

Ane Labaka Maioz bertsolari eta Txakur Gorria taldeko kideak azaldu duenez, AEKren proposamenarekin batera iritsi zitzaien HitzEkin leloa erabiltzeko eskaera. «Guri ere asko gustatzen zaigu hitzekin jolastea, eta pentsatu genuen ea zergatik ez genuen jolas moduko bat sortzen errepresentatzeko Euskal Herriko toki desberdinetako egoerak eta bizipen emozionalak euskararekiko». Hala sortu dute Euskal Herriaren «erradiografia moduko bat». Herritar bakoitzak dokumentalean azaltzen du euskara nola bizi duen. «Nahita egin genuen aukeraketa: ahalik eta zabalena izatea nahi genuen».

Gogoeta, bigarren partean

Dokumentalaren bigarren zatiak ekiteari heltzen dio; sakonagoa da. «Bigarren pauso batean bururatu zitzaigun pisuzko beste zati bat beharko zuela lanak, marko teoriko bat. Gogoeta dago ekintzaren bigarren zati horretan», azaldu du Labaka Maiozek. Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak jartzen du off-eko ahotsa. «Hasieratik presente izan genuen Agirre, eta hitzek mundua eraikitzen duten ideia hari entzun izan diogu ikastaroren batean».

Gainera, dokumentalean garai bateko irudiak erabili ahal izan dituzte: Korrika zaharretako irudi batzuk digitalizatzeko aukera izan dute. Irudi zahar horiek ageri dira bigarren partean. Agirreren ahotsarekin batera.

Txakur Gorria taldeak zuzendu duen aurreneko dokumentala da Uhinak. «Gidoigintzan aritu izan gara, baina zuzendaritza guk eraman dugun lehen aldia da. Erronka moduan bizi izan dugu, eta ikasketa prozesu bat izan da», esan du Labaka Maiozek.

Kamera eta edizio lanetan Haritz Arrizabalaga eta Peru Galbete aritu dira. Horrez gain, Idoia Hernandez Hatxe-ren musika erabili dute.

22. Korrika martxoaren 31n abiatuko da, Amurriotik (Araba). EITBk iragarri du «luze eta zabal» emango duela haren berri telebista eta irrati bidez; gainera, webgune berezi bat sortuko dute Eitb.eus atariaren barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.