Aurtengoan ere, BERRIAk baliabide ugari jarriko ditu Korrikaren berri emateko, eta lantalde zabala arituko da lasterketaren nondik norako guztien berri ematen. Gainera, Korrika 24 orduz zuzenean ikusi ahalko da BERRIAren webgunean gaurtik aurrera.
Goizean, ibilbidea gogoraraziko du kazetak bideo labur bidez, egun osoan Korrikak zein herri eta lurralde igaroko dituen zehaztuz. Bideo kronika bat ere egingo dute Berria telebistakoek, eguneko datu, gertaera edo bizipen esanguratsuenak kontatzeko. Eta, egunari amaiera emateko, laburpen bideo bat egingo dute egunak utzitako irudiekin, aldiro bertsolari baten bertsoarekin. Hurrengo eguneko papereko edizioan bi orriko erreportajea argitaratuko da,baita eguneko bertso sorta ere. Gaur, BERRIAk papereko edizioan Korrikaren gehigarri berezia argitaratu du.
Korrikaren hasieran eta amaieran Irunen (Gipuzkoa) eta Baionan egingo diren zuzeneko ekitaldiek ere izango dute tokia BERRIAn. Hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat komunikabidek elkarrekin egingo dituzte hasierako eta amaierako zuzeneko saio bereziak. Irunen egingo duten programa gaur 15:20an hasiko da. Udaletxea dagoen plazan jarriko dute platoa, eta Ilaski Serrano (ETB) eta Naroa Iturri (Hamaika) ariko dira aurkezle lanetan. Berriemaileak, berriz, honako hauek izango dira: Nagore Arin (Berria telebista), Lorea Mailharrancin (Kanaldude), Mireia Galartza (UKT Telebista) eta Ainhoa Ibañez (Goierri telebista). Gonbidatuen artean egongo dira Idoia Genua eta Mattin Sorzabalbare —haiek egingo dituzte Korrikaren lehen metroak—. Era berean, saio berezian elkarrizketatuko dituzte Asier Amondo Korrikako arduradun ohia eta Ane Elordi gaur egungo Korrikako arduraduna. Baita Kattalina Razin Iparraldeko Korrikako koordinatzailea, Ibai Xapot Baionako amaierako ekitaldiaren koordinatzailea, Urtsa Errazti Korrikako lehen aldiaren arduraduna eta Lorea Ibañez Parisko Korrikaren antolatzailea ere.
BERRIAk, bestetik, dokumental berezi bat prestatu du 23. Korrikarako: Norberaren opera. Oli Artola Apeztegiak egin du gidoia, eta Lara Madinabeitia Nanclares, Nagore Arin Asuabarrena eta Irati Urdalleta Lete lankideekin batera ondu du lana. Sei protagonista ditu dokumentalak: sei ahots, sei sorkuntza prozesu. Ines Osinaga musikariarena da bat: Korrika Kulturaleko kultur sorkuntzarako bekaren bidez egin du Badon opera. Beste bost protagonistak AEK-ko ikasleak dira: heldutan euskara ikasteko eta hobetzeko prozesua egin duten bost pertsona. Dokumentala osorik ikus daiteke BERRIAren webgunean eta Youtubeko kanalean.
Hamaikan eta Kanalduden
Korrikari jarraitzeko hainbat modu izango dira. Hamaika telebistan, esate baterako, Korrikaren gaineko kontu ugari jakin ahalko dituzte ikus-entzuleek, orduero buletin zerbitzua eskainiko baitute. Etengabeko seinalea Internet bidez ere emango du Hamaikak. Gainera, zuzeneko saio bereziak egingo ditu Hamaikak Korrika Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara iristen denean. Ekhiñe Atorrasagastik aurkeztuko ditu programa horiek. Atorrasagasti bera Ilaski Serranorekin (ETB) batera ariko da aurkezle Baionan azkeneko eguneko saio bateratuan —Euskal Herriko hedabide ugarik emango dute hori; besteak beste, BERRIAk—.
Zerbitzu berezi bat eskainiko du, gainera, Hamaikak: egunotan webgunea bisitatzen dutenek euren datuak utziz gero, jaso nahi duten kilometroa erreserbatzeko aukera izango dute. Hau da, behin aukeratu duten kilometroa prest dagoenean, posta elektroniko bidez jasoko dute kilometroaren bideoa. Korrika mugimenduan den bitartean ere aukera egongo da nork bere kilometroa deskargatzeko. Korrikak webgune berezia izango du Hamaikaren atariaren barne.
Kanaldudek ere Korrikaren emankizun bereziak egingo ditu. Telebistak berak ekoitzitako emankizunak hiru dira: gaur, 17:00etatik gauerdira arte; bihar, 11:00etatik 14:00etara; eta 24an, 10:30etik 11:30era. Besteak beste, elkarrizketak, Korrikaren ibilbidean zuzeneko konexioak, artxiboko irudiak, musika zuzenean... Hasierako eta amaierako saio bateratuak ere emango ditu Kanaldudek.
Arrosa irrati sareak Korrikako lehen egunean irratsaio berezia egingo du Irunen; gaur, 14:00etatik 16:00etara. Iparraldeko Euskal Irratiek ere emango dute saio hori, eta aurretik Ondaiziela magazinaren atal berezia egingo dute Irunen, eguerdian. Korrika Iparraldeko eremuan den bitartean, Euskal Irratiek kilometroz kilometroko jarraipena egingo dute. Hilaren 24an, berriz, 11:00etatik Korrika amaitu arte zuzeneko emankizun berezia eginen dute Baionako herriko etxeko plazatik.
EITBk ere luze eta zabal emango du Korrikaren berri. Gaur agerraldi bat egin du EITBk, xehe-xehe azaltzeko nola emango duen Korrikaren berri. Astelehenetik ostegunera Biba Korrika! saioa emango du ETB1ek, 21:10etik aurrera (ostiralean 20:45ean tarte laburragoan). Gainera, hilaren 18tik aurrera, set ibiltari bat izango dute, programa zuzenean egiteko. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean emango dute lasterketaren hasiera Irundik, eta jarraipen berezia egingo diote lasterketari programetan eta albistegietan. EITB.eus atariak Korrikaren irudiak emango ditu streaming bidez eguneko 24 orduetan.