ETB

Xabier Garcia Ramsden: «Gorbata kendu dut, zentzu guztietan»

Radio Euskadiko 'Boulevard' gidatzen azken hiru urteak egin ostean, ETB2ko 'Quédate' arratsaldeko magazina aurkezteari ekin dio Garcia Ramsdenek.

Xabier Garcia Ramsden ETB2ko 'Quédate' saioko aurkezlea. EITB
Xabier Garcia Ramsden ETB2ko 'Quédate' saioko aurkezlea. EITB
urtzi urkizu
Donostia
2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Orain arte informazio serioarekin lotu du entzuleak eta ikusleak Xabier Garcia Ramsden kazetaria (Bilbo, 1983). Beste mota bateko erregistroetan ariko da datozen hilabeteetan ETB2 katean. «Oraingoz, irailera arte». Miramongo egoitzan erantzun ditu elkarrizketako galderak, gaztelaniaz.

Zer moduz joan zaizkizu lehen egunak Quédate saioan?

Zoragarri joan dira. Lantaldeak etxean bezala sentiarazi nau, eta ematen du denbora asko daramadala hemen. Mojen gaiak askorako eman digu, bestalde. Eta saio bat egin genuen Realaren [Espainiako] Kopako finalarekin. Gogoz hasi naiz.

Radio Euskadiko aurreko hiru urteak nola laburbilduko zenituzke?

Oso intentsoak izan dira. Pandemia atzean utzi genuen, eta halako albiste onak kontatzea ez da ohikoena. Baina gerra bat kontatzea ere tokatu zaigu: Ukrainakoa. Kieven egin genuen irratsaioa ez dut inoiz ahaztuko. Hiru urte horietan toki guztietan ibili gara. Mugarik gabe egin dugu irratia.

Informazio tentsioa goizean oso goizetik jasatea nola eramaten da bizkar gainean?

Euskadin eguneko informazioa sortzea zen asmoa. Elkarrizketa politikoaren bidez, adibidez, gurpil politiko bat biran jartzea. Horrek guztiak tentsioa eragiten du, estresagarria da. Estu jartzen zaitu.

Nola hartu zenuen ETB2k Boulevard irratsaioa zuzeneko irudiekin ematea?

Gustatu zitzaidan. Teleberri-n aritua nintzen, baina erronkaren berri eman zidatenean esan nuen irratia egiten jarraituko genuela. Kamerak jarri dizkigute, baina programa irratikoa da. Argi genuen ez geniola kamerari begiratuko, ez ginela makillatuko... Irratsaioari, dena den, ikusgaitasuna eta garrantzia eman zaio. Esperientzia ona da, eta luzaroan iraungo duela uste dut.

EITBko irratietan denak ez dira gustura egongo horrekin.

Ez, baina hori nostalgikoa izatea da. Garaiak aldatu egin dira, eta irratsaio gehienek bertsio bat dute Interneteko sare sozialetan. Bisualaren garaian gaude. Horretara egokitu behar dugu.

Orain, berriz, telebista lehen unetik telebista dela jakinda.

Bai, gogotsu nago, ilusioz. Telebista oso gogokoa dut; gainera, irratitik zatozenean, eta irratian ahalegin bat egin behar duzunean irudia transmititzeko, telebistara joaten zarenean ahalegin horretaz ahaztu behar duzu. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du. Kasu honetan, entretenitzeko helburua izango dut arratsaldeetan. Telebistan orain arte profil oso serioa izan dut, albistegiei lotua, eta aktualitatea eta entretenimendua uztartuko ditut orain.

Formatua infotainment generoan kokatu daiteke?

Bai. Programa arin bat da, jendea entretenitzea xede duena. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar euskal telebista publikoan ari garela. Kontua da gorbata kendu dudala, zentzu guztietan. Alkandora ere aldatuko dut, elastikoarengatik. Espero dut jendeak Ramsden berri bat deskubritzea. Baina Ramsden bat, eguneroko bizitzarekin antza gehiago duena; izan ere, albistegietan lanean aritzen garenon irudia askotan da oso serioak eta aspergarriak garela.

Quédate saioaren formatua mantendu egingo da orduan?

Bai, bere horretan mantenduko da. Nire estiloa jartzen saiatuko naiz. Bestetik, kolaboratzaile sare bat sortu izan dut irratian, eta Radio Euskadin funtzionatu duten gauza batzuk telebistara eramaten saiatuko naiz.

«Kritika guztiak entzun behar dira, eta haietatik ikasi. Baina sare sozialek sarri testuingurutik ateratzen dituzte kritikak».

Duela egun batzuk, magazinak kritika batzuk jaso zituen. Arrazoia izan zen inkesta baten inguruan ari zirela hizketan, eta inkesta horrek jasotzen zituen «estatuko ahoskera erakargarrienak». Emititu zutenez, «euskal azentua» zerrendako azken-aurrekoa da. Halako edukiekin jarraituko duzue?

Ez dut polemika haren berri. Ez dut uste saioaren asmoa izango zenik euskal herritarren inguruko mespretxuzko edukiak ematea. Kritika guztiak entzun behar dira, eta haietatik ikasi. Beste kontu bat da sare sozialek sarri testuingurutik ateratzen dituztela kritikak. Gerta daiteke, edonola ere, gai arinekin beti ez asmatzea. Denoi gertatzen zaigu.

Kike Amonarrizek esan izan du ETB2n «Espainiako markoa» errepikatzen dela.

Gure lehentasuna Euskal Herriak izan behar du. Baina ezin dugu gure mugetatik kanpo gertatzen denaren fokua galdu. Berriemaileak mundu osoan dauzkagu, eta Espainia ezin da izan zulo beltz bat. EITBko ikusleak eta entzuleak bertakoaren berri izaten du, eta, kanpoan zerbait gertatzen bada, horren informazioa ere jasoko du. Ez dugu lehenetsi behar Espainia edo Kolonbia, gure lehentasuna Euskal Herria delako.

Aktualitateko gai bat desinformazioa da. Nola jokatu behar dute hedabideek horren aurka?

Desinformazioarena eta albiste faltsuena da gaur egungo erronka handienetako bat. Hedabide tradizionalak dira herritarrentzat tresnarik onenak desinformazioaren aurka egiteko. Guri ere iristen zaizkigu albiste faltsuak, eta jendeak jakin behar du guk galbahetik pasatzen ditugula. Badakigu bahetzea norekin egin.

Hartaz, garrantzitsua al da hedabide publiko indartsu eta independenteak izatea?

Nik hedabide publikoetan egin dut lan, eta horietan egiten den kazetaritzan sinesten dut. Ardura handia dugu gure herriaren pluralitatea gizarteari helarazteko. Eta hedabide publiko indartsuak izan behar dira. Askatasun handiarekin lan egin ahal izan dut: elkarrizketa zorrotzak egin ditut batzuekin eta besteekin, eta hori da gizarteak eskatzen diguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.