«Egia kontatzea» du bizibide Silvia Intxaurrondo kazetariak (Santurtzi, Bizkaia, 1980). Urte luzez aritu da telebista lanak egiten, eta, gaur egun, RTVEko La hora de la 1 saioa aurkezten du. Aktualitatearekin lotutako gaiak jorratzen ditu bertan, «askatasun osoz». Euskal Kazetarien Elkargoak, Euskadiko Irrati Telebista Profesionalen Elkarteak eta Ondas Sariek aitortza egin diote aurten, eta sari bana eman: Euskal Kazetarien Saria, Urrezko Minutuaren Saria eta Aurkezlerik Onenaren Saria, hurrenez hurren. «Lanbidearen eta gizartearen besarkadatzat» hartu ditu Intxaurrondok.
Ondas Saria jasoko duzu azaroaren 22an, asteazkenean, «galdera egokiak egiteagatik». Zein dira galdera egokiak?
Gurasoek erakutsi zidaten errespetuz edozer galdetu daitekeela. Galdetze soilak ez du deserotasunik sortzen; galdera batek, bai. Kazetaria zarenean, elkarrizketa egin bitartean bururatzen zaizu zer galdetu. Batzuetan, dudan zabiltza otu zaizun hori bota ala ez, indar handia duen adierazpena delako. Ez egin zalantza. Horiek dira galdera egokiak.
Komeni da aurretik dokumentazio lanetan sakontzea?
Bai. Ikusle batzuek uste dute elkarrizketatuari ateratzen dizkiozula zuzenean datuak, baina ez da hala. Ezagutarazi nahi duzun datuaren jarraipena egin behar duzu aurretik, eta ez da lan erraza. Ezin duzu hutsik egin. Biltzen duzun informazioa bat ez badator, nahitaez plazaratu behar duzu.
Sinesgarritasuna izatea ezinbestekoa da. Nola lortu duzu?
Konfiantza osoa dut nire datuetan; asko lantzen ditut, eta ez dira ausazkoak. [Alberto Nuñez] Feijoorekin elkarrizketa izan nuenean eta eman nituen datuak ezeztatu zizkidanean, nik banekien oker zebilela. Horregatik da hain garrantzitsua dokumentazio lana egitea: ezetz esaten dizutenean eta bost telebista kameraren aurrean zaudenean, ezin duzulako zalantzarik egin. Planto egiten jakin behar duzu.
Nola kontrastatzen da datu bat?
Gaur egungo kazetaritzaren erronka da hori. Gezurrezko informazio asko jasotzen dugu kazetariok; beraz, ezinbestekoa dugu iturri ofizialetara jotzea. Datu ekonomikoak kontrastatzea askoz errazagoa da oker dagoen diskurtso bat deseraikitzea baino. Nola erakuts dezakezu norbaitek arrazoirik ez duela, haren justifikazio bakarra «hala da» baldin bada?
Justifikazio hori onartzen duten hedabide asko daude, ordea.
Hori ere aldatu behar dugu. Egia kontatuko duten komunikabideak behar ditugu; bestela, ezingo dugu kazetaritza egin. Gizartearen jarrera kritikoa bultzatzeko, zorrotz egin behar dugu lan. Kazetaritza da esatea politikari bat oker dagoela, eta oker dagoenari eta zuzen dabilenari espazio bera ez ematea. Ikusleak badaki bakoitzak zer saldu nahi duen. Ezin dizkiogu helarazi interesetan oinarritutako mezuak.
Gazako gerraren inguruko diskurtsoa azken orduan aldatu dute hainbat katek. Zergatik?
Nik hasieratik ulertu dut egoera: Israelek Palestina okupatu du. Herrialde bateko armadak argirik eta elektrizitaterik gabeko ospitale bat inguratzen badu, eta hor sartzen bada, ikusleak badaki horrek zer izen duen. Hala kontatu behar zaio. Gainerako hedabideek orain arte errealitatearen berririk zergatik eman ez duten: horri erantzun behar dio kazetaritzak.
Errealitatea kontatzeko askatasun osoa duzu zuk?
Bai, eta eskerrak eman nahi dizkiot RTVEri, eman dizkidan aukerengatik. Gertaerak aztertzen ditut, eta ez dut iritzirik ematen. Gogoko ez duen jendea dago, baina ez dit axola. Gezurra kontatzen duten horiek kritikatzen naute? Ez diet garrantzirik ematen.
Presioa jasaten duten kazetarien kasuan, zer egin behar da?
Kolektiboki babesa eman behar diegu gainerako kazetariok.