Komunikazioa. Nerea Alias. 'Kontra' Internet bidezko saioko aurkezlea

«Komunikabideetan agertzen ez diren gaiak ukitzen saiatzen gara»

Zai Zoi Bele Productions ekoizpen etxea eztabaidak hasi da antolatzen 'Kontraprograma.com' webgunean. Gaien inguruko aldeko eta kontrako argudioak entzun daitezke.

KONTRA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Haur eta gazteentzako hainbat saio aurkeztu ditu Nerea Aliasek (Anoeta, Gipuzkoa, 1984) ETBrako. Sut & Blai programa abenduan amaitu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntza kendu ostean. Orain, Kontra eztabaida saioan, moderatzaile gisa dabil Alias, Interneten.

Zeintzuk dira Kontra saioaren helburuak eta asmoak?

Eztabaida mahai bat sortzea da helburua. Orain arte lau gonbidatu izan ditugu eztabaida bakoitzean. Saiatzen gara bi gonbidatu alde batean egon daitezen eta beste bi kontrakoan. Edo, behintzat, bi lagunek ikuspuntu kritiko bat eman dezatela, beste ikuspegi bat. Bakoitzak bere argudioak ematea nahi dugu. Zerbaiten inguruan eztabaida piztea nahi izaten dugu. Eta normalean komunikabideetan agertzen ez diren gaiak ukitzen saiatzen gara. Mahai gainean jarri nahi ditugu gaiak, eta, ahal dela, telebistan askorik agertzen ez diren lagunekin.

Hamaika telebistako Esatea libre alde batera utzita, telebistan horrelako saioak euskaraz ikusteko aukera gutxi dago, ezta?

Bai. Euskarazko saioa da gurea. Baina batzuetan Euskal Herritik kanpoko jendea ere ekarri nahi izaten dugu, eta gaztelaniaz ere egin dugu eztabaidaren bat. Eztabaida batean solaskide bakarra zen erdalduna, eta itzultzaile bat jarri genion. Ondo moldatu ginen euskaraz saio horretan ere.

Saioa zer harrera izaten ari da?

Jendeak erantzun ona eman du. Interneteko emanaldia izanda eta programa jaio berria denez, oraindik jende askok ez du ezagutzen. Ez du oihartzun handirik izan komunikabideetan. Denborarekin sare sozialen bitartez eta beste modu batez joango da jendearengana iristen. Esan dezakedana da internauta askok zoriondu gaituela.

Kazetari gisa egin al duzu inoiz horrelako saiorik?

Ez. Esan genezake lehen esperientzia serio arduratsua dela niretzat. Aurreneko aldia da mahai batean moderatzaile gisa nabilela, eta niretzat erronka bat da. Gai askori buruz ezjakina naiz. Eta, nahiz eta nire rola bigarren mailan gelditzen den, jakin behar ditut gaiaren inguruko gauzak. Ezagupenak izan behar ditut behintzat. Baina bagoaz pixkanaka, gero eta erosoago nago eta martxa hartzen ari naiz.

Hurrengo eztabaidako gaia honako hau da: «Euskal estatu baten bideragarritasun ekonomikoa posible al da?».

Bai, hala da. Eztabaida hori antolatzen gabiltza. Iruditzen zaigu oso eztabaida interesgarria izan daitekeela. Oro har sortzen zaizkigun zalantzak jarri nahi ditugu mahai gainean.

Zure ustez, irrati eta telebista publikoek ez al lituzkete mota honetako saioak egin beharko? Plazaratzen dituzuen gaiak ezin al dira eraman telebista saioetara?

Niri iruditzen zait orain bizi garen momentuan posible dela irrati eta telebistak gehiago animatzen joatea eta gehiago arriskatzea. Uste dut horrelako gaiak ukitzen joango direla, baina nik neuk hutsune bat sumatu dut. Eta Kontra-k hutsune hori betetzen du. Kontra ez litzateke izango, hutsune hori ez balego.

Sare sozialen bitartez eztabaidak jende gehiagorengana iritsiko direla iruditzen zaizu?

Bai. Hasiera batean Internet bidezko zabalkundea egiten ari gara. Sare sozialetan jendearen parte hartzea ere bultzatuko dugu. Hamaika telebistak, agian, etorkizunean eztabaidak emango ditu.

Kontra-ra iritsi aurretik, ETBko Sut & Blai saioan ari zinen lanean. Zer gertatu da programa horrekin?

Saioa abenduan amaitu zen, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diru laguntza kendu ostean. Orain, marka beste formatu batean Internetera eramatea proposatu dute, baina oraingoz telebistan ez du jarraipenik izango. Formatu berriak ez du aurkezlerik izango, eta gailu eramangarrietan aplikazio bat izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.