Hego Tirolgo Eurac Research zentroko ikertzailea

Jakob Volgger: «Komunikabideek hizkuntza gutxituetan duten zeregina bereziki nabarmena da digitalizazioan»

Euskarak, ladinerak eta goi sorabierak iraun dezaten komunikabideek duten garrantzia aztertu eta alderatu dute Jakob Volgger ikerlariak eta Midas elkarteko Marc Roeglak.

Jakob Volgger Eurac zentroko ikerlaria. MIDAS
Jakob Volgger Eurac zentroko ikerlaria. MIDAS
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eurac Research ikerketa zentroan egiten du lan Jakob Volggerrek (Reischach, Hego Tirol, 1994). Midas Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen eta eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundearekin elkarlanean aritu ohi da zentroa.

Zergatik erabaki duzue euskarazko, ladinerazko eta goi sorabierazko hedabideak ikertzea?

Estaturik ez duten hizkuntzetan jarri genuen arreta. Adibidez, Hego Tirolgo gutxiengo germaniarrak Austriako, Alemaniako eta Suitzako hedabideak ditu. Euskal Herriak, Ladiniak [Italia] eta Lusaziak [Alemania] ez dute horrelako laguntzarik. Horren ondorioz, komunikabideek funtzio berezia dute hizkuntzaren iraupenean. Hiru hizkuntza horiek konparatuz gero, ezberdinak dira, batez ere hiztun kopuruari dagokionez. Ladinerak, adibidez, 30.000 hiztun ditu, eta euskara baino askoz txikiagoa da alde horretatik. Hala ere, desberdintasun hori eta beste batzuk kontuan hartuta, interesgarria zen komunikabideek ingurune horietan bete ditzaketen funtzio zehatzak aztertzea.

Zergatik aukeratu dituzue BERRIA eta EITB Euskal Herrian?

Prentsa idatziko, telebistako eta irratiko komunikabide nagusiak aukeratu genituen. Ladinerari eta goi sorabierari dagokienez, paisaia mediatikoa txikia da, eta aukera zuzena da. Euskal hedabideen panorama, ordea, askoz zabalagoa da. Beste testuinguruekin konparatu ahal izateko aukeratu ziren komunikabiderik handienak, hau da, BERRIA eta EITB, eta, aldi berean, aintzat hartu zen beste euskal hedabide batzuek ere badutela zeregina hizkuntzaren normalizazioan.

Zein izan ziren ikerketaren ondorio nagusiak?

Aztertutako sei komunikabideek laguntzen dute hizkuntzaren iraupenean. Gai konplexuak jorratzen dituzte beren hizkuntza gutxituan, eta hitz berriak ere sartzen dituzte. Adibidez, BERRIA erreferentzia izan ohi da Euskaltzaindiarentzat, euskararen akademiarentzat. Dena dela, ladinerazko eta goi sorabierazo hedabideek, txikiagoak izanik, aurre egin behar diete erronka berezi batzuei. Aldeak alde, komunikabideek hizkuntza gutxituetan duten zeregina bereziki nabarmena da digitalizazioan. Aztertutako hiru hizkuntzetako egunkariek —BERRIA, La Usc di Ladins eta Serbske Nowiny— hizkuntza digitala mantentzen laguntzen dute, beren testuak eskura jarriz itzulpen tresna automatikoak garatzeko proiektuetan.

Jakob Volgger Eurac zentroko ikerlaria
Jakob Volgger ikerlaria. MIDAS

Ladinerazko eta goi sorabierazko hedabideek zer ezaugarri dituzte, eta zer garrantzi dute beren komunitateentzat?

Adibide bat jarriko dizut. Ladinerazko hedabideek testuinguru linguistiko berezi batean funtzionatzen dute, euskara batuak ez bezala, ez baitute hizkuntza normalizatu ofizialik. La Usc di Ladins astekariaren zenbaki bakoitzak, beraz, ladinerazko hainbat aldaeratako testuak ditu. Baina, aldi berean, ladinera dolomita hizkuntza estandarreko artikuluak ere argitaratzen ditu egunkariak aldiro-aldiro, funtziona dezakeela erakutsiz. Bestetik, goi sorabierazko hedabideak ere hizkuntza garatzen saiatzen ari dira. Hala ere, Serbske Nowiny Upper Sorbian egunkariko erredaktoreburuak erronka bat aipatu du: «Benetako eguneroko bizimoduan hitz egiten den sorabierara egokitzea da erronka, eta ez hizkuntza artifizial bat sortzea, jende gutxiagok ulertuko lukeena». Jakina, ladinerazko eta goi sorabierazko telebista eta irrati emanaldiak nahiko mugatuak dira, euskararekin alderatuta. Konparazio baterako: goi sorabieraz emititzen den telebista programa 30 minutukoa besterik ez da hilean. Hala ere, eztabaidaezina da haien garrantzia komunitatearen barruan eta komunitatearentzat.

Lanaren amaieran, hau idatzi duzu: «Aurkikuntzek iradokitzen dute komunikabideek rol baliotsua izan dezaketela hizkuntza mantentzeko orduan, nahiz eta haren inpaktua kuantifikatzea zaila den oraindik, eta nahiz eta zerikusi handia duen faktore soziolinguistiko zabalago batzuekin». Zergatik diozu hori?

Zaila da zehatz-mehatz neurtzea komunikabideek zer eragin duten pertsonen portaeran. Eta zaila da, era berean, hizkuntza gutxituetako hedabideek hizkuntzaren erabileran duten eragina neurtzea. Hala ere, agerikoak dira arlo horretan egin diren ahaleginak. Adibidez, BERRIAren estilo liburua. BERRIAk kazetaritza estiloen gida bat sortu du, euskarazko kazetaritzaren erreferentzia gisa balio duena. Beste kasu bat BERRIA Ikasgela egitasmoa da. Plataforma horretan, irakasleek eta ikasleek BERRIAren artikuluen bertsio egokituak eskura ditzakete hezkuntza helburuetarako. Biek laguntzen dute hizkuntza beren erara mantentzen, baina zaila da haien eragin zehatza kuantifikatzea.

Bigarren puntuan, faktore soziolinguistikoak daude. Adibidez, ladinera eta goi sorabiera nahiko hizkuntza txikiak izateak eragina du hizkuntza gaitasuna duen nahikoa kazetari aurkitzeko. Horrek zaildu egiten du hedabide horiek euskarazkoen antzeko egitasmoak garatzea. Baina eremu urriko hizkuntza txikienen erronka orokorra nabarmendu daiteke: haien komunikabideek berebiziko garrantzia dute, eta berritzeko duten gaitasuna eskura dituzten baliabideen araberakoa da.

Azterketan jarraitzeko asmoa duzu?

Interesgarria litzateke ikerketa beste hizkuntza gutxitu batzuetara zabaltzea. Aldi berean, badakit ikerketa testuinguru minoritarioetan egiteak muga potentzialak izango dituela. Nik lan egiten dudan ikerketa zentroa Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetako Egunkarien Europako Elkartearen (Midas) egoitza da. Beraz, hizkuntza gutxituetako hedabideei behatzen jarraituko dugu. Gaur egun, ikusten ari gara hizkuntza gutxituetako egunkariek nola funtzionatzen duten mugaz gaindiko Interneteko hedabide gisa. Ikus dezakegunez, egunkari horiek ez dute beren tokiko komunitateetarako balio bakarrik, baizik eta inguruko eskualdeetako eta diasporetako sareko publikoetara ere iristen dira. Horrek erakusten du digitalizazioa zabaltzen ari dela hizkuntza gutxituetako hedabideen rola. Hego Tirolen bizi naiz ni, eta BERRIA klik gutxi batzuetara dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.