'Kolpez kolpe' gaur itzuliko da Hamaikara

Hamaikak, bestetik, Sarek antolatutako manifestazioaren saio berezia emango du bihar, 16:30ean.

urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Udako eta udazkeneko etenaren ostean, gaur itzuliko da Hamaika telebistara Kolpez kolpe programa. Saioaren arduradunek agindu dute «aizkora zorrozten» jarraituko dutela, eta «ukitu garratzarekin» landuko dituztela aktualitateko gai garrantzitsuenak. Ostiralero 22:00etan emango du Hamaikak Kolpez kolpe-ren denboraldi berria.

Ohi bezala, Naroa Iturrik eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuko dute saioa. Bea Egizabal aktore eta umorista izango da kolaboratzaileetako bat, baina hainbat kazetari eta analista ere iritsiko dira datozen asteetan saioko platora.

Denboraldiko lehen programa berezia izango da: hain zuzen ere, Iturri ez da Donostian izango, Venezuelan baizik, eta handik izango du zer kontatua. Platoan Atorrasagasti arituko da gidari. Miren Legorburu kolaboratzailea izango du alboan. Bestetik, Sare Herritarreko ordezkari Bego Atxa elkarrizketatuko dute.

Kolpez kolpe-k seiehun atal baino gehiago izan ditu dagoeneko Hamaikan. «Ez da soilik programa bat, baizik eta erreferentzia bat emakumeen eskubideen aldeko borrokan, bereziki prime time ordutegian ematen den aktualitateko gune feminista izateko pribilegioa duelako», azaldu dute Hamaikako ordezkariek.

Hamaikak asteburu berezia izango du. Izan ere, Kolpez kolpe-ren itzulera alde batera utzita, Sare Herritarrak Bilbon biharko antolatu duen manifestazioaren zuzeneko saioa emango du. 16:30ean hasiko da saio hori, eta presoen eskubideen aldeko manifestazioaren irudiak ikusi ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.