Lagunak dira Zuazua eta Ituño. Errepikatu behar denean argi esaten dio hori Zuazuak. Halako batean, Basaurin (Bizkaia ) jaiotako aktorea zaintzaile hitzarekin trabatu da. Guardia esan du azkenerako. «Balekoa», esan diote.
Grabaketa egunak / Días de grabación #Artxipelagoa 3#WorkinProgresspic.twitter.com/hUP4CnBq3H — ULU Studio 🔊 (@StudioULU) March 8, 2023
Bere eskumuturrari musu eman dio Ituñok, geroago. «Agur, laztana! Agur, Iker!».
Aranzabalek ohartarazi du ezin dela spoiler handirik egin, baina lantaldean «pozik» daudela jasotzen ari diren sariekin eta aitortzekin. Ondas sarietan, esate baterako, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du fikzioak soinu diseinuaren alorrean. «Jende askoren parte hartzea dugu fikzio honetan. Gure aldetik apustu bat da, eta EITBren aldetik ere bai», esan du Aranzabalek. Iragarri duenez, abenduan estreinatuko dute hirugarren eta azkeneko denboraldia. «Lorpena da hirugarren denboraldia grabatzera iristea».
«Irrati nobelen modukoa»
Bizkor ari dira grabatzen. Ituñori nabari zaio gozatzen ari dela. «Oso joko dibertigarria da, baina dibertigarria bezain zaila. Ñabardura asko eman ahal dizkiozu ahotsari, intentzioei». Ikus-entzunezko ekoizpen batean ez bezala, audioak bereganatzen du espazio guztia. «Ez zaude lekuan bertan, eta irudimenaz egiten da hori: ahotsa da komunikatzeko garraiobide bakarra», gaineratu du aktoreak.
Halako batean, pasarte batekin barrez hasi dira denak. Zuazuak Anjel Alkain umorista eta bikoiztailea gogoratu du orduan: «Alkainek esaten zuen: 'Txorrada, txorrada, testua'». Ondotik, berogailua itzaltzeko eskatu diote Ituñori. Aktoreen ahotsak grabatzen dituzte, tentuz, baina postprodukzio lan handia du gero Arxipelagoa-k.
Zuazuak irakurtzen ditu beste pertsonaiak, Ituñok berearekin erantzun dezan. Hariari jarraitzeko. Tarteka, Aranzabal ere ari da pertsonaiaren baten esaldiak irakurtzen. Ituñoren esaldi batekin ez da guztiz konbentzituta gelditu fikzioaren zuzendaria, eta zera esan dio: «Buila egin, beldurrik gabe». Handik gutxira, beste hitz batekin trabatu da aktorea: Egokitzapena. Zuazuaren iruzkina, txantxetan: «Nabari da ez duela seme-alabarik».
Beste atal bat hasi dira grabatzen. Olatz pertsonaia korrika doa. Estudioan, dagoen tokian, korrika hasi da Ituño bera ere, eta arnasestuka ari da esaldiak lokutatzen. Baina erdi itota ere gelditu da momentu batean: «Egon apur bat, hiperbentilatzen hasi naiz eta».
Gidoiarekin fidelak dira grabaketetan, %99 fidel. Martin eta Xabier Etxeberria dira gidoilariak, eta bietako bat une labur batean sartu da estudioan Aranzabali zerbait esatera. %99 fidel, zeren halako batean Ituñok, esaldi indartsu batean, «edo zer ostia!» esamoldea sartu du erdian. «Balio dit, balio dit», ihardetsi du, konbentzituta, Aranzabalek.
Zuazua laster joatekoa da, eta bizkor ari dira pasarteak grabatzen. Azkenerako, sei atal grabatu dituzte lehen egunean. Ituñok nabarmendu du «egun intentsoa» izan dela. «Gauza asko ziren esateko, intentzio desberdinak... Olatz pertsonaiak kolore asko ditu, baina oso jostagarria izan da».
Bigarren denboraldiaren amaieran, tarte labur batean agertzen zen Olatz. Baina presentzia askoz handiagoa du hirugarrenean.
Ituño gustura gelditu da grabaketarekin. «Hau niretzat irrati nobela bat bezalakoa da. Gure amak edo amamak entzuten zituzten irrati nobelak etortzen zaizkit burura. Baina ekoizpen oso landua da. Asko gozatzen ari naiz».