Bilbon jaio zen Koldo Landaluze, baina azken hamarkadetan Zumaian bizi zen (Gipuzkoa). Kazetaria, zinema kritikaria, idazlea eta ilustratzailea zen, eta 59 urte zituela hil zen, atzo. Egin irratian zinemari buruzko irratsaio bat egiten zuen. Hain zuzen ere, azken urteetan batez ere zinemaren inguruan idatzi zuen Landaluzek Gara egunkarian. Ikus-entzunezkoen gaineko albisteak idazten zituen, eta zinema kritika ugari idatzi zituen azken urteetan. Baina ez hori bakarrik: bestelako gaien inguruko elkarrizketak eta erreportajeak ere idatzi zituen.
Literaturan ere murgildu zen Landaluze. Eleberri hauek idatzi zituen: Días de Barrena;Crónicas de piratas, corsarios y filibusteros —ilustrazioak ere berak egin zituen—; Las hogueras del reino; eta Los perros del rey. Ilustrazioak marrazten aritzen zen tarteka; horren erakusgarri, Nagore Belastegiren Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak liburuan parte hartu zuen. Gara egunkariko taldearentzat ere egin zituen ilustrazioak.
Zumaiako Kalea Guztiona Da egitasmoan parte hartu zuen, eta Erribera kaleko hormetako muraletan lagundu zuen, besteak beste.