Aitor Gabilondo. Gidoilaria eta ekoizlea

«Klixe batetik abiatzen gara ikuslea kateatzeko; ñabarduretara goaz gero»

Astearte gauetan Antena3ek 'Allí abajo' telesaila ematen du. Tele5k, berriz, 'El príncipe'. Bietako ekoizle eragilea da Gabilondo. Bi telesailekin ari da arrakasta lortzen, ikusle datuei erreparatuz gero.

urtzi urkizu
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
ETBko gidoilari gisa Benta berri eta Aire, aire saioetan hasi zen Aitor Gabilondo (Donostia, 1974). Madrilera joan eta Periodistas telesailean lan egin zuen. Ondoren,El comisario-n. Cesar Benitezekin batera, Plano a Plano ekoizpen etxea sortu zuen, 2010ean.

Bada beste Aitor Gabilondo bat, aktorea eta abeslaria. Zuek hor!!! ETB1eko saioan ari da lanean gaur egun. Lan egin al duzue inoiz elkarrekin?

Ez. Baina pasadizoak izan ditut, hura ezagutu gabe. Behin Donostiako udal liburutegitik deitu ninduten, liburu bat itzultzeko eskatuz. Gurasoek harategi bat zuten Bretxan, eta bezero batzuek taberna batean utzitako gidoia eraman zuten harategira. Beste batean aktore lana eskaini zidaten, hura nintzelakoan.

Allí abajo ala El príncipe zein nahiago duzun galdetzea zein alaba maite duzun gehiago bezala galdetzea izango da, ezta?

Oso zaila da aukeratzea, bietan lan eta ilusio handia jarri baitugu. Bizitza errealean bi alaba biki ditut, eta ohituta nago bakoitzak beso batetik tira egitera. Aurreko asteartean, batek El príncipe ikusi nahi zuen, eta besteak, Allí abajo. Arazoa da telebista bakarra dugula etxean.

Zein alde dago Tele5rentzat eta Antena3entzat telesail bat egitearen artean?

Telesailean lan egiteko orduan ez dago alderik. Baina oso kate ezberdinak dira. Baita zuzendaritzak ere. Bitxia da Tele5n komedia gehiago dagoela, eta drama bat eskatu zigutela. Antena3en drama gehiago dago, eta komedia bat eskatu ziguten.

El príncipe bigarren denboraldi honekin amaituko da. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Telesail honek istorio zehatz bat du, bere amaierarekin, eta zerikusi gehiago izan dezake zinemarekin. Beste lau urtez luza zitekeen, baina desitxuratu egingo litzateke. Gaur egun telesailak garai batean baino zinematografikoak dira.

Allí abajo-k zenbat denboralditarako eman dezake?

Ondo funtzionatzen badu, urteak iraun dezake. Lehen denboraldia Andaluzian dago girotua. Baina hirugarren edo laugarrenean Euskal Herrira igo gintezke. Horretarako ikusle datu onak izan beharko ditugu.

Ikus-entzule askok Ocho apellidos vascos filmarekin alderatu dute Allí abajo. Non daude ezberdintasunak?

Oso euskalduna den baten eta oso andaluziarra den baten arteko talka dago bietan. Telesail batean gauza gehiago konta ditzakezu. Mutilaren eta neskaren arteko istorioaz gain, euskaldunak Sevillan aurkitzen duen unibertso osoa interesatzen zaigu. Ama kastratzailea koman gelditzen denean, semea bizitzen hasten da.

Sare sozialetan kritikak izan dira euskaldunen eta andaluziarren estereotipoen harira. Zer arrisku dute estereotipoek?

Klixe batetik abiatzen gara, bai. Ikusleak kateatzeko formula da, baina ñabarduretan sartzen gara gero. Mutila ez da hain lehorra eta barnerakoia. Eta neska ez da hain irekia eta kaskarina.

Oscar Terol da istorioaren sortzailea. Zenbat du telesailak Vaya semanita-tik?

Terol eta bere taldea oso ausarta izan zen bere garaian. Hori da ernamuina Ocho apellidos vascos-ena zein Allí abajo-rena. Terolen DNA telesailean dago.

Jon Plazaola aktorearen etorkizuna nola ikusten duzu?

Sekulako gaitasuna duen aktorea da. Ezusteko handia izan da; karrera bikaina du aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.