'Klik belaunaldia', gazteek Interneten dituzten mehatxuak eta erronkak

Dokumental sail berriaren lehen atala Primeran plataforman ikus daiteke, euskarara bikoiztuta. ETB2 irailaren 11n hasiko da saioa ematen.

'Klik belaunaldia' dokumental saioaren aurkezpena, FesTVal jaialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
'Klik belaunaldia' dokumental saioaren aurkezpena, FesTVal jaialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2024ko irailaren 5a
13:00
Entzun

Shine Iberia ekoiztetxeak, ETBrekin eta TV3ekin elkarlanean, Porno belaunaldia dokumental saioa egin zuen iaz. Arrakasta handia izan du lan horrek, baita hainbat sari jaso ere. Horren ondotik, Klik belaunaldia dokumental saio berria egin du ekoiztetxe berak. Sakelako telefonoen eta Interneteko sare sozialen erabilerak nerabeengan dituen ondorio larrienak aztertu dituzte bertan: antsietatea, depresioa, kirurgia estetikoarekiko obsesioa, adikzioak, apustuak, agresibitatea, insomnioa, eskola porrota eta suizidioa. Dokumental saioaren lehen atala Primeran plataforman ikus daiteke, euskarara bikoiztuta —originala gaztelaniaz da—. ETB2 katea, berriz, irailaren 11n hasiko da saioa ematen.

Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu dute gaur programa. Han izan dira saioaren egileak eta protagonista batzuk, baita ETBko ordezkariak eta gaiaren aditu batzuk ere. Dokumental saioaren zuzendaria Oihane Sagasti da.

Lau atal ditu dokumental saioak. Bakoitzean hainbat arazo eta gertaera aztertzen dituzte. Horretarako, gurasoen eta seme-alaben testigantzak izango dituzte, euren esperientziak lehen pertsonan kontatzen. Lehen atalean, adibidez, Beasaingo (Gipuzkoa), Alonsotegiko (Bizkaia) eta Durangoko (Bizkaia) nerabe batzuk agertzen dira —Herrialde Katalanetako eta Espainiako beste gazte eta guraso batzuk ere ageri dira—. Gaia lantzeko, psikologo eta mediku batzuekin ere hitz egin dute, baita segurtasun erakundeetako zenbait kiderekin ere.

Porno belaunaldia dokumental saioak sari bat jasoko du etzi FesTVal jaialdian, amaierako galan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.