Apirilaren 30ean, ETB1ek 11 Entzuteko eztabaida saioa estreinatu zuen. Udaberrian egin zuten lehen denboraldia, eta ikusle datu onak izan zituen. Hartaz, euskarazko kateak programarekin jarraitzea erabaki du. Gaur hasiko da denboraldi berria, 22:30ean. Bertan, Klaudio Landa aurkezleak Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria elkarrizketatuko du.
Programak, joan den udaberrian bezala, bi eztabaida mahai izango ditu: batetik, aktualitatea jorratuko duen adituen mahaia, eta, bestetik, adin, sexu, lanbide eta ezaugarri desberdinetako herritarrek osatutako solasaldia. Halaber, testigantza, inkesta eta erreportaje laburrek osatuko dute saioa.
Elkarrizketetan, «euskal gizartean esanguratsuak diren pertsona ezagunak» eramango dituzte platora. Orio Produkzioak ekoiztetxeak egiten du 11 Entzuteko, eta Irati Sarasua kazetaria da zuzendaria.
Klaudio Landak ETBren denboraldi berriaren aurkezpenean iragarri zuen elkarrizketatu interesgarriak izango dituztela saioan: Izaro Andres abeslaria, Bernardo Atxaga idazlea, Iker Galartza aktore eta Gure Zirkuaren sortzailea, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria, Jon Plazaola aktorea —Itsatsita berriz fikzio musikatuan aritu da, Leire Martinezekin batera—, Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento taldeko abeslaria eta Lucia Lakarra dantzaria, besteak beste.