'Klak'-ek hirugarren denboraldiari ekin dio, «gazteei ahotsa emanez»

Gazteen proiektuak «aberastu eta hornitu» egin ditu orain arteko atalak, eta berriak sortu ere bai

Klak gazteen komunikazio proiektuak ostegunean aurkeztu zuen denboraldi berria, Donostiako Tabakaleran. KLAK.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hirugarren denboraldiari ekin dio Klak gazteen komunikazio proiektuak. 2021ean abiatu zuten, Gaztesarea eta Topatu hedabideen jarduna amaitu ondoren, eta segitzen dute «gazteei ahotsa ematen». Joan den ostegunean aurkeztu zuten denboraldi berria, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. «Aldaketa handiena ez dago norabidean, baizik eta sortuak ditugun atal horiek aberastean eta tresna gehiagorekin hornitzean», azaldu du Aintzane Ariztegi koordinatzaileak.

Gazteen proiektuak sare sozialak ditu abiapuntu eta helburu, eta horietan segituko dute mugitzen hirugarren denboraldian ere. Klak.eus webgunean dituzte bilduak beren ekoizpenak: Kabala podcasta, Klaketa atala... «Saiatzen gara gauza gehiago sortzen, aniztasun hori kontuan hartuz: gomendio kulturalak, aktualitatearen jarraipena... Aurten txertatuko ditugun berritasunen artean egongo dira bideo erreportajeak. Lantalde bat sortu dugu horretarako, eta hilabetean behin aterako dira. Baita egunkarietan argitaratzen diren tira moduko batzuk ere, baina sare sozialetara egokitutakoak, gazteen ikuspegitik», aurreratu du Ariztegik.

Euskara, kritikotasuna eta partaidetza dira Klak proiektuaren hiru ardatz nagusiak. Ikasturteka antolatu dituzte denboraldiak. «Horrela funtzionatzea erabaki genuen, batez ere, gure anbizioa zelako proiektu hau etengabe eraldaketan eta hobekuntzan egotea. Nahi dugulako gazte proiektu komunikatiboa zera izatea: zerbait momentuko beharrei, joerei eta gogoei erantzuteko gaitasuna izango duena», nabarmendu du koordinatzaileak.

Lanean aritu dira udan: beste ikasturteetatik irakatsiak atera,aldaketak proposatu... «Balorazioa izan da bigarren denboraldian aurrerapauso bat eman dugula. Markatu genituen erronketatik askoz harago iritsi garela, oso publiko zabal eta gaztearengana. Eta hori da, hein batean, proiektu honen helburua. Espero dugu hirugarrenean ere erritmo horri eustea».

Gazteek gazteentzat sortua dela. Hori da Klak egitasmoaren oinarria, eta lorpena. «Proiektu hau autogestionatua da, gazteen mugimendutik sortua, eta gazteok aurrera eramaten duguna alor guztietan: atzeko lana eginez, aurpegia emanez, eta ekonomikoki sostengatuz. Sinetsita gaude gazteok sortu behar ditugula geure buruari ahotsa emateko gaitasunak».

Klak.eus-eko bazkidetza atalean bazkidetu daiteke nahi duena. Ekarpen txikiak dira: hilabetean lau eurokoak. «Ekarpen txikiak, baina emaitza handiak eman ditzaketenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.