Klak Gazte Ahotsa egitasmoak hasiera eman dio laugarren denboraldiari. Aurten «jauzi kualitatibo bat» emateko asmoa adierazi dute proiektuko gazteek, eta horretarako, hain zuzen, abiatu dute bazkide kanpaina bat. Klak.eus webgune berrituan, urteko 50 euroko edo 150 euroko bazkidetza egin daiteke. «Komunitate eta proiektu honen parte bilakatzearen plazeraz gain, hainbat opari jasoko dituzte bazkideek, eta zenbait zozketatan parte hartu».
Denboraldi honetako edukiei dagokienez, iragarri dute aktualitateak leku berezia hartuko duela. Baina ez dituzte albiste soilak landuko, Interneteko sareetako kodeak aintzat harturik landuko dituzte albisteak. «Gazteriak orainari begiratzeko duen moduaren isla izango da Klak, eta hori momentuan momentuko gaiak landuz egin daiteke soilik», azaldu dute proiektuko arduradunek. Formatuetan, gainera, esperimentatzeko asmoa dute. «Komunikazioaren mundu zabalean murgilduko gara, harribitxien bila».
Hutsunea betetzera dator Klak erabiliko dute bazkide kanpainaren lelo gisa: «Sare sozialetan euskarak duen leku urriak arduratzen gaitu, belaunaldi berri bat borrokara eta kontzientziaziora batzeak, eta erronka zaharrei erantzun berriak emateak».
'Klak'-ek denboraldia hasi du, bazkide kanpaina batekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu