«Kirolariak, kirolzaleak eta klubak batzen dituen aplikazio bat da, eta helburu nagusia da hiruren arteko harremanak erraztu eta gertuko kirol komunitate berri bat sortzea». Horretarako sortu du Tokikom tokiko komunikabideak bateratzeko guneak Matx kirol proiektua. Tokikom sareak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailarekin elkarlanean landu du egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza izan du.
Hainbat hilabetez sareetan edukiak zabaltzen ibili ostean, herenegun erakutsi zuten jendaurrean kirol proiektu berri hori, Donostian. Guztiaren erdigunean aplikazio bat badago ere, Matx «hori baino askoz gehiago» izango dela esan zuten arduradunek aurkezpenean. Hiru zutabe nagusitan banatuta egongo da proiektua: klubak, kirol edukiak eta komunitatea.
Kirol kluben garrantziaz mintzatu zen herenegun Joane Korta Tokikomeko proiektu kudeatzailea: «Gertuko klubak oso garrantzitsuak dira guretzat, aplikazioa sortu eta hura garatzeko fasean ezinbestekoak izan baitira». Besteak beste, digitalizazioan eta komunikazioan lagunduko die Matxek klubei, taldeetako datu baseak osatu, antolatu eta elkarren artean mezuak modu seguruan trukatzeko aukera eskainiko baitie. Era berean, kirol datutegi indartsua ere izango da Matx. «Bakoitzaren interesen araberako emaitzak, partiden datak eta sailkapenak emango ditu une oro», gaineratu zuen Kortak. Kirol edukiak ere oso garrantzitsuak izango dira Matxen. Gertuko kirolean gertatzen denaren berri emango du, ikuspegi fresko eta berritzailea erabilita. Eduki guztiak formatu bertikalean eta sakelakoan kontsumitzeko modukoak izango dira, eta albisteak, elkarrizketak, desafioak eta kirol agenda kontsultatzeko aukera emango die erabiltzaileei.
Gazteak xede
Alde horretatik, hasieratik ikus-entzunezkoen aldeko apustu garbia egin dutela esan zuen Aratz Losadak, proiektuaren eduki arduradunak: «Gazteena izango da gure xede talde nagusia. Merkatua eta kontsumo ohiturak ondo aztertu ostean, garbi izan dugu eduki bertikal eta dinamikoen aldeko apustua egin behar genuela». Horiek sortzeko, erredakzio propio bat osatu dute Tokikomeko Gipuzkoako hedabideekin. «Talde lanean ari gara eduki propioak sortzen, eta, era berean, hedabide bakoitzeko kirol edukiak ere jasoko ditugu Matxen».
Taularatzen azkena proiektuko marketin eta komunikazio arduraduna izan zen, Maria Balzategi. Matxen komunitateaz hitz egin zuen, eta, bereziki, interakzioaz eta sare sozialen amuaz jardun zuen berbaldian. «Kirol komunitate bat sortu nahi dugu. Kirolariek, klubek eta kirolzaleek, guztiek izango dute lekua aplikazioan. Euren artean komunikatu, argazkiak edo bideoak partekatu, albisteak sortu... Azken finean, antzeko interesak dituztenen arteko interakzioa sustatu nahi dugu», adierazi zuen.
«Kirol komunitate bat sortu nahi dugu, antzeko interesak dituztenen arteko interakzioa sustatu». MARIA BALZATEGI Matx proiektuaren marketin eta komunikazio arduraduna
Aplikazioa izango da proiektuaren erdigune, eta bertan ikusi ahal izango dira eduki guztiak, baina sare sozialen erabilera ere estrategikoa izango da, Balzategik adierazi zuenez: «Gure erdigunea aplikazioa da eta estrategia guztia bertara bideratuko dugu, baina jakitun gara sareek ere garrantzi handia dutela gaur egun; hori horrela, sareak amu moduan erabiliko ditugu».
Tokikom Gipuzkoako hainbat bazkiderekin elkarlanean aritu da: Antxeta Irratia, Barren, UKT, Goiena Goierri Telebista, Pil-Pilean, 28 Kanala, Ataria eta Aiurri, baina hura landu eta egonkortzearekin batera, gainontzeko bazkide eta lurraldeetara hedatzeko asmoa daukatela esan dute. Sorburuan tokiko hedabideak egonik ere, Matxen atzean kirolariak eta kirolzaleak ere badaudela gaineratu nahi izan dute. Hiru urte hauetan aplikazioa garatzen lagundu duten klubak «oso garrantzitsuak» izan dira. Eurekin batera landu dute proiektua, eta aurrerantzean ere hori da asmoa. «Eskutik joango gara zero kilometroko hedabideak eta tokian tokiko klubak», adierazi zuten proiektuaren sortzaileek.