Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (X). Joseba Kamio. Marketinean aditua

«Kazetaritzaren urrezko aroan gaude, Interneti esker»

Marka eta negozioa batera birpentsatzea gomendatzen du Kamiok.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Publizitate eta komunikazioan aditua eta Harman enpresako zuzendaria da Joseba Kamio (Pasaia, Gipuzkoa, 1968). Twitterren @JFK da bere ezizena.

Nola joan zen duela gutxi martxan jarri zenuen kanpaina, Twitter euskaraz lortzeko asmoa zuena?

Ondo. Twitterren gure berri izan dute bigarren aldiz; eremu zabaleko jendeak bere egin du kanpaina, eta jendeak gogoz heldu dio. Denon artean bultzada bat eman diogu gaiari.

Twitterreko arduradunek zer pauso eman behar dute sare soziala euskaraz jartzeko?

Twitterrek hizkuntza batzuk dauzka itzulpen prozesuan, eta erabiltzaileek izena ematen dute itzulpenean laguntzeko. Hainbat euskaldunek eman dute izena lan hori egiteko, baina Twitterrek ez du oraindik euskara aintzat hartu.

Lander Arbelaitzek duela hilabete batzuk sinadura bilketa bat abiarazi zuen helburu horrekin.

Hala da, bai. Gainera Ibai Garcia, lehen Google eta orain Mozillan lan egiten duen euskalduna, Twittereko produktu buru Thomas Arend-ekin elkartuko da Gabonen ondoren, eta gaia mahai gainean izango dutela esan du Ibai Garciak Twitterren. Ia zer ateratzen den hortik.

Nola ikusten duzu gaur egun sare sozialetan marketina egiteko dauden formak?

Masa gizarteak marketina pentsatzeko eta egiteko modu batera ohitu gaitu, non markak saiatzen diren jendeari eragiten hedabide eta publizitate masibo, disruptibo eta errepikakorraren bidez, audientzia handien bila eta gure memoriaren bila. Baina eskema horrek ez du funtzionatzen Interneten, hor audientzia masiborik ez dagoelako, nitxoak besterik ez, nortasun eta balio kultural zehatzak partekatzen dituzten taldeak, nazio digitalak, tribuak. Oraindik ez dugu hori ulertu, eta eskema zaharra aplikatzen dugu, zaleak, lagunak eta jarraitzaileak audientzia gisa tratatzen, eta egoera berriak ematen dituen aukerak aprobetxatu gabe.

Enpresa edo elkarte batentzat zein da modu eraginkorrena sare sozialetan bere helburuak lortzeko?

Hasteko, sare sozialetan egiten den lana enpresaren marketin eta komunikazio estrategiarekin lerrokatu behar da. Hortik aurrera, praktikan, edukiak planifikatuko dituen komunikazio plan bat behar da, markaren gainean arituko dena. Marka non dagoen aurkitu behar da horretarako, marka ez baitago beti leku berean. Guggenheimen marka eta BERRIAren marka ez daude leku berean, esaterako. Hortik aurrera, komunitate jakin baten aitzindari izan behar duzu, hura etengabe elikatu, eta bere kideekin konektatzeko abilezia izan behar duzu, interakzio emankor eta erakargarri baten bidez. Gakoa interakzioa da, elkarrizketa, esperientzia emankor eta atsegin bat, eta horretarako eduki propioak sortu eta besteenak hobetsi behar dira, nazio horren unibertso tematiko, kultural, sinboliko, eta praktikoa sorberrituz. Horregatik da hain garrantzitsua gardentasuna. Esan liteke gardentasuna dela marketin berria, markarekiko konfiantza, segurtasuna eta benekotasuna ekartzen dituelako.

Nola ikusten duzu euskal komunikabideek sare sozialen inguruan duten jarrera?

Oro har, euskal hedabideek berri-jarioak abiatu dituzte, baina ez dute marketinik egiten oraindik. Arazoa sakonean hau da: paperak dirua ematen du, bi aldiz saltzen delako: lehenbizi, iragarleari, eta gero, irakurleari; «baina sarekoak negozioa izorratzen ari zaizkigu» pentsatzera jotzen dugu. Kaltetzat hartzen da. Baina ez da hala, kazetaritzaren urrezko aroan gaude, Interneti esker. Kazetaritza berriak formatu berriak asmatu ditu, eta hedabide klasikoek legamitzen zuten botere harremanen hesia hautsi du, betikoen agenda setting boterea hautsita. Kazetaritzaren funtzio soziala berritzen ari da.

Blogetan idazten diren artikuluak gaur egun errazago zabaltzen dira sare sozialen bitartez. Zer diozu harreman horren gainean?

Harreman perfektua da. Edukiak ehizatu eta partekatzea da jende askoren zaletasunik handiena orain, eta horrek zoriontsu egiten du jendea. Praktika horren bidez, meritokrazia bat osatzen da, eta jendea horren parte sentitzen da. Botereak ohiko hedabideen bidez helarazten dizkigun edukien kontraprogramazioa egiten ari garela ematen du, guk geuk sortutako edukiekin, eta ez botereak gure gogoan ezarri nahi dituen edukiekin.

Euskara hazten ari da sare sozialetan. Euskal komunikabideek zer bide hartu beharko lukete internautak harrapatzeko?

Lehenik eta behin marka non dagoen aurkitu behar da. Akaso, marka ez dago informazioan, informazioaren produktu kategorian lider aldaketa bat gertatzen ari delako aspaldi honetan... Marka eta negozioa batera birpentsatzea gomendatzen diet. Bestela, produktu informatiboa ere ukitu behar da, sakoneko arazoa baitago produktuan: irratia, telebista eta egunkariak berri zaharren nahaspila dira, eta urrun daude gugandik; horregatik jotzen dute gero eta gehiago sentsazionalismora gu harrapatzeko. Edukiak, genero periodistikoak eta titulatzeko formak birpentsatu behar dira. Ondoren helburuak zehaztu behar dira, eta estrategia digitala zehaztu, markaren eta CRMaren ikuspegitik (Bezeroaren Harremanetarako Kudeaketa). Komunikazio planak edukiak antolatu behar ditu, eta taldea eta abilezia zehatzak behar dira. Taldearen ideia azpimarratuko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.